Datorren urteko Frantziako Tourra hilaren 18an aurkeztuko dute, baina antolakuntzak, deskuidu bategatik-edo, bere webean jarri du ibilbidea —une batera kendu egin du—, eta aurtengo itzulitik bada aldaketa nabarmen bat hurrengo urtekoan: banakako bi erlojupeko gehiago eta, horrela, 54 kilometro gehiago. Hau da, aurtengo Tourrean banakako erlojupeko bat izan dute txirrindulariek (42,5 kilometrokoa) eta 2012koan hiru izango dituzte (aitzin-etapan 6,1 kilometrokoa, 9. etapan 38koa eta azkenaurrekoan 52koa).
Aldiz, aurten taldekako erlojupeko bat izan da (23 kilometrokoa) eta 2012an ez dute horrelako etaparik izango.
Beste aldaketa bat: mendiko etapa garrantzitsuetan aurten lau etapa bukatu dira mendatean, 2012koan bi, eta era horretako etapa bat gutxiago egongo da.
Ekainaren 30ean hasiko da Tourra, Liejan (Belgika). Bukatu, uztailaren 22an, Parisen.
2012ko Giroa
Hurrengo urteko Italiako Giroko ibilbidearen berri ere jakin da gaur, Tuttosport-en bidez. Aurtengoaren antzeko ibilbidea izango du. Maiatzaren 5ean hasi (Herningen, Danimarkan) eta 27an bukatuko da (Milanen).