Bihar goizean jokatuko dute Japoniako Sari Nagusia, Suzukan. Monako eta Spa-Francorchampsekin batera, urteko zirkuiturik ederrena, osoena da, eta, gainera, erabakigarria. Lau lasterketa falta dira, eta ezer ez da erabakita geldituko, baina puntuek balio izugarria dute orain. Orain, gehiago pilatzen dituenak gutxiagoren beharra izango du ondorengoetan.
Gauza bat aurrez argitu behar da: ezustekoa litzateke Japonian Red Bullek ez irabaztea. Atzoko saio libreetan, Bartzelonako eta Hungariako erakustaldiak gogorarazi zituzten. Sebastian Vettel eta Mark Webber bakarrik izan ziren 1.32tik behera aritzeko gai; aise, gainera. Fernando Alonsok aitortu zuen horrek ez duela kezkatzen, baina Felipe Massak ezusteko aldea izan zela onartu zuen. Gaur eta bihar, aldeak txikiagoak izango dira, baina faboritoa zein den argi dago.
Horregatik, aukera galdua litzateke Red Bullek nagusitasun horri etekina ez ateratzea. Adi, atzo Vettel izan baitzen azkarrena, eta iaz, berak irabazi zuen. Alemaniarrak oraindik titulua du helburu, eta Webberri laguntzea ez da haren asmoa. Webberrek irabazi beharra du, taldean bertan autoritatea emaitzekin inposatzeko. Japonian irabazita, taldea bere mesedetan jarriko luke, edo, bestela esanda, Vettel aurka ari beharrean, laguntzen ariko litzaioke.
McLarenek eraman ditu, goi mailako taldeen artean, berrikuntza gehien Japoniara, baina Lewis Hamiltonek istripua izan zuen atzo, eta probatu beharreko elementu asko garajean gelditu ziren. Azkenaldian, Hamilton bera ari da txapelketa galtzen, eta euriak bakarrik alda dezake joera. Atzo eta gaur euria izan badute ere, bihar ez da halakorik espero.
Vettel, Webber eta Alonso dira lasterketa irabazteko hautagaiak. Podiuma ere haiek osatua behar luke, eta podiumetik at gelditzen denak atzerapauso galanta emango luke. Gauzak normal, lehen bi postuek Red Bullenak behar lukete, eta Alonsorena hirugarrena. Baina aurten, guztiekegin dute huts behin baino gehiagotan. Eta orain arte presio gutxirekin huts egin badute, ez al dute gehiago egingo presiopean? Bakoitzak bere ahuleziak ditu. Vettel beroegia da; Webber gaizki irteten da, eta Alonsok egun txarra du batzuetan. Bihar huts egitea oso garesti aterako zaie.
Huts egitea, debekatuta
Red Bulleko gidariak dira faborito bihar Suzukan, baina Webber eta Vettel aurkariak dira oraindik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu