ESKUBALOIA. TXAPELDUNEN LIGA

Huts egiteko aukerarik gabe

Portlandek Kadetteni irabazi nahi dio gaur Txapeldunen Ligako multzoko lider izateko aukerei eusteko

EDURNE ELIZONDO / JULEN ETXEBERRIA
2005eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kroazian galdutakoa etxean berreskuratzen saiatuko da Portland San Antonio gaur. Suitzako Kadetten Schaffhausen hartuko du NUPeko pabiloian, Txapeldunen Ligako ligaxkako hirugarren jardunaldian. Irabazteko beharra dute nafarrek G multzoko lider izateko aukerei eutsi ahal izateko.

Kadetten taldeko jokalariek partida bakar bat ere ez dute irabazi, oraingoz, Txapeldunen Ligan. Zagreben kontra berdindu egin zuten, eta Pelister Bitolaren aurka, berriz, galdu. Hala eta guztiz ere, nafarrak ez dira fiatzen. 1999. urtean, Europako Errekopan, Kadetten gogorra ezagutu zuten Portlandeko jokalariek. Kanporaketa gainditu zuen Iruñeko taldeak, baina kostata. Defentsa sendoa erakutsi zuten suitzarrek. Eta defentsa hori gogoan du Portlandek, oraindik ere.1999. urteaz geroztik Kadetten aldatu dela azpimarratu du Portlandeko entrenatzaile Francisco Javier Zupo Ekisoainek, baina kontuz ibili beharko dutela argi du. «Eskubaloi azkarra egiten dute, eta kalitatea badute». Ekisoainek argi du, halaber, etxean ezin dutela partida bakar bat ere galdu, eta helburu bakar horrekin atera beharko dutela jokalari guztiek pistara.Portlandeko jokalari guztiak izanen dira jokatzeko prest, hain zuzen ere, bi izan ezik: Alberto Martin eta David Rodriguez Carvajal ez dira oraindik osatu. Balic, Boesen eta Garralda ez ziren entrenatu Granollersen kontrako partidaren ondoren, baina gaur aritzeko moduan izanen dira.

Kadettenek goia jo du azken urtean eta Suitzako Liga, Kopa eta Superkopa irabazi ditu. Denboraldi honetan ere ondo ari da.Bigarren da Ligan: sei partida jokatu ditu, bost berdindu egin ditu eta bat galdu (Grasshopper Zurich liderraren aurka). 170 gol sartu ditu (28,3 partidako) eta 152 jaso (25,3 partidako). Europako lehiaketetan ere badu eskarmentua: hamar aldiz aritu da. Hala ere, ez ditu inoiz final-zortzirenak gainditu. 30 partida jokatu ditu guztira: hamabi irabazi ditu, hiru berdindu eta hamabost galdu. Bitxikeria bat: Portland ez da Kadettenen aurka jokatzen duen lehen euskal taldea. Bidasoak Suitzako taldea izan zuen aurkari 1993-1994 denboraldiko EHF Kopako final-hamaseirenetan, eta kanporatu egin zuen. Irundarrek 22-18 irabazi zuten joanekoan, eta 17-16 galdu itzulikoan.

Kadettenek Goran Perkovac kroaziarra du entrenatzaile, jokalari bezala Olinpiar Jokoetan urrezko eta brontzezko domina bana irabazi zituena. Perkovacek jokalari beteranoak eta gazteak diru bere aginduetara (27,3 urteko batez besteko adina du taldeak). Estatistikak aintzat hartuz gero, lau jokalari nabarmentzen dira: Rauh eta Starczan hegalekoak (bederatzi gol sartu dituzte bien artean partidako), Kovar erdikoa (4,2 gol partidako) eta Marcinkevicius ezker albokoa (lau gol partidako). Cho eta Pavlovic (2,09 metroda luze) albokoen lana ere ezin da ahaztu.

Bidasoa-Torrevella eta Algeciras-Arrate Asobalen

Asobal Ligan, Bidasoak Torrevella hartuko du (18:30). Irundarrak txukun ari dira, jokatu dituzten azkeneko lau partidak irabazi baitituzte. Gaur bosgarren garaipena lortu nahi dute jarraian. Aukera aproposa dute hori lortzeko, Torrevellak partida bakarra irabazi baitu bost jardunalditan. Julian Ruizek bi hutsune izango ditu: Oneto eta Nilsson. Arrate, berriz, Algecirasen ariko da (19:30). Eibartarrek Bidasoaren aurka emandako irudi eskasa hobetu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.