Nahi eta ezin. Edo nahi eta asmatu ez, partidari nondik begiratzen zaion. Bilbo Basketek batere konplexurik gabe jokatu zuen atzo Real Madril ahaltsuaren aurka, lotsarik gabe sarri, baina egin behar ez diren huts txiki asko egin zituen, eta garesti ordaindu zituen huts horiek. Bereziki azpimarratzekoak izan ziren, gertatu ziren uneagatik: bizkaitarrek Real Madrili aurrea hartzeko aukera zutenean. Hiruzpalau aukera eduki zituzten, baina ez zuten asmatu, eta akabo.
Batean, Mumbruren barneraketa antzu bat. Bestean, Vasileiadisek emandako baloi bat. Hurrena, Josh Fischerrek eraso hasiera batean bota behar ez zuen hirukoa. Ondorioa, 0-2koarekin bakarrik jarri zela aurretik Katsikarisen taldea. Beste 39 minutuetan, etxeko taldea aurretik. Eroso bigarren zatian. Bilbo Basketen hutsei esker, baina baita Real Madril sasoi gozoan dagoelako ere. Jokalari onak dira Llull, Felipe Reyes eta Carlos Suarez, baina haiek bezain ondo aritu ziren Pablo Prigioni, Nikola Mirotic, Clay Tucker eta D'Or Fisher. Zazpigarren garaipena lortu du errenkadan Real Madrilek, eta oraindik ez du partidarik galdu ligan. Datu aski esanguratsuak dira horiek, Madrilen irabaztea zaila dela erakusten dutenak.
Partida bukaeran talde baten eta bestearen balorazioa ikusi, eta Bilbo Basket etxera garaipenarekin bueltatzea ez zela bidezkoa pentsa liteke. Datuek argi uzten dute hori: 91-69 irabazi zuen arlo horretan Real Madrilek, eta tarte jakin batzuetan izan ezik, ez zuen estutasun handirik izan. 16-4 eman zuen lehen kolpea, lehen laurdenak lan erdiak egiterako. Esnatu zen Bilbo Basket, baina urrun geratu zen: 21-14.
Bigarren laurdenean 24-23 eta 30-29 hurbildu ziren Bilbokoak, baina ez ziren aurretik jarri, eta 36-32 joan zen aurretik aldageletara Messinaren taldea. Markagailuan lau punturen aldea, baina balorazioan handiagoa, 18koa: 51-33. Aldageletatik bueltan 40-39 ere hurbildu zen beltzezko taldea, baina hortxe bukatu zitzaion kemena. Real Madril egurrean hasi zen pixkanaka, defentsan estutuz, eta aldeak handitzen hasi ziren: sei-zazpi puntu hirugarren laurdenean, eta 10-12 punturenak azken laurdenean.
Zonakako defentsa antzua
Katsikarisek ausart jokatu zuen, eta zonakako defentsa bat agindu zien bere jokalariei. Eraso pare batean eraginkorra izan zen, eta irabazteko apustua izango zela zirudien. Real Madrilek, ordea, neurria hartu zion zonakako defentsa horri, eta baloia alde batetik bestera azkar mugituta posizio onak bilatu zituen bere jaurtitzaileentzat, eta ez zen erreak- ziorik egon. Tuckerrek bi biko zail saskiratu zituen, Prigionik hiruko bat erasoko errebote bat berreskuratu ostean, eta garaipena ezinezkoa zen partida bukatzeko lau minutu falta zirela: 69-59.
Bilbo Basketek ez zuen etsi, baina egindako ahalegin oro alferrikakoa izan zen. 72-65 eta 76-72 hurbildu zen, baina partidako azken jokaldian bizkaitarrek partidan eduki zuten gabezia errepikatu zen: definizio falta, patxada edo gehiegizko presa. Hamabi segundo geratzen ziren, eta hiruko bat sartu eta partida berdintzeko aukera. Baina Aaron Jacksonek pase txarra eman zion Vasileiadisi, eta horrela bukatu zen partida.
Bigarren porrota da jarraian bizkaitarrentzat. Lehena, Bilbo Basket bezala talde handia izan nahi duen aurkari baten kontra izan zen, Valentziaren aurka. Bestea, berriz, talde handi baten aurka, Real Madrilen aurka. Ez da datu on-ona Kopari begira.
Huts txiki horiek...
Real Madrili aurrea hartzeko ezinak min handia egin dio Bilbo Basketi, eta esku-hutsik bueltatu da etxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu