Ez zuen urriko azken astelehenak merezi bezalako amaierarik izan. Lau t'erdiko txapelketako partida bizi eta ikusgarri baten esperoan joan ziren herenegun gauean pilotazaleak Gernikako Santanape frontoira, baina ez bizia eta ikusgarria, kaskarra izan zen Asier Olaizolak eta Ismael Chafeek emandako ikuskizuna. 47 minutuko lehian, kaleak gehiago tanto onak baino, urduritasuna gehiago patxada baino, eta sufrimendua gehiago gozamena baino. Azkenean, hutsik gutxien egin zuena eta bere buruari ongien eutsi ziona sailkatu zen final-zortzirenetarako: Ismael Chafee.
Batera eta bestera ibili zen partida, eta batera eta bestera bi pilotariak. Asier Olaizolak ekin zion hobeto norgehiagokari, hark egin zituen aurreneko tarteak markagailuan (5-0 eta 7-1), baina harenak izan ziren hutsik nabarmenenak ere partidaren hurrengo zatian. Bera zen han eskarmentua zuena, bera txapelketa batean bai eta bestean ere bai zaildutakoa, baina hasiberrien urduritasunarekin eta xalotasunarekin aritu zen goizuetarra. Denbora asko egin du geldirik, min hartuta, eta nabaritu zitzaion hori kantxan. Eskuinez ez zuen bestetan bezala gozatu, ez zuen bestetan bezala minik egin. Eta sake errestoan? Horretan bai, zoritxarrez, bestetan bezala. Asmatu ezinda, alegia. Bederatzi tanto egin zizkion Chafeek jokaldi horrekin, eta ez ziren denak zital horietakoak izan. Bueltatu gabe utzi zituen asko, eta salduta gelditu zen beste askotan. Ez zion horrek partidan sekula sartzen utzi, eta beti aritu zen kirioak dantzan. 14-16koari buelta eman eta 17-17 jarri zirenean ere ez zuen jakin aurrera egiten, eta bertan gelditu zen, ez atzera ez aurrera.Ismael Chafeek ez zuen askoz partida hobea egin, baina izan zuen dohain bat: ez zuen sekula amore eman. Erakutsitakoa baino gehiago bada, baina kontrarioak ez zizkion gauzak bereziki zaildu, eta horri esker irabazi zuen partida. Sakearekin min egiten zuela ikusi zuen, eta horri atera zion etekinik handiena. Hobeto mugitu zen kantxan, fisikoki freskoago bukatu zuen kontrarioak baino, eta zortea ere alde izan zuen zenbait tantotan, azken txanpan. «Hurrengo partidan? Erakutsi dudana baino joko hobea erakutsi nahi dut hurrengo partidan, neure buruarekin gusturago gelditu», aitortu zuen Irurtzungoak partida amaitutakoan. Juan Martinez Irujo txapelduna izango du kontrario, eta berezia da partida ia egunero elkarrekin entrenatzen direlako Iruñean.
Iñigo Leiza gaixorik dago, eta ez daki jokatuko duen
Ostiralean du partida Iñigo Leizak Ives Salaberri Xala-ren kontra, Etxebarrin (Bizkaia), eta gaur arratsaldean pilota aukeraketa (16:30). Lemoako aurrelariak, ordea, ia astebete darama gaixorik infekzioa du eztarrian eta azken bost egunetan ez du ganoraz jan, eta ez daki oraindik partida hori jokatzeko moduan egongo den. «Ohean dago, eta orain arte bezala jarraitzen du. Jogurrak besterik ez ditu jatean eta ez dakit, ez dakit nola ibiliko den partida jokatzeko», aitortu zigun atzo Leizaren amak. Asegarce enpresatik ere ez dute argibide gehiago eman, eta gaurko pilota aukeraketan jakinaraziko da jokatuko duen edo ez. Jokatu ezean, Xalak egingo luke aurrera.
OLAIZOLA I.a 17
CHAFEE 22
Iraupena: 43 minutu.
Pilotakadak: 216.
Saketik: Asier Olaizolak lau. Ismael Chafeek bederatzi.
Markagailua: 5-0, 7-1, 8-3, 11-5, 13-10, 14-11, 14-16, 16-16, 17-17 eta 17-22.
Bestelakoak: EPELen Lau t'erdiko Txapelketako final-hamaseirenetako partida. Sarrera txukuna Gernikako Santanape frontoian. Dirua nabarmen irten zen Olaizolaren alde (100-400ni). Jaialdiko bigarren partida Berasaluze VIII.a-Ruizek irabazi zuten Titin III.a-Apeztegiaren kontra (12-22).
Hutsak putz
Txapelketako partidarik kaskarrenetakoan, ezusteko galanta eman zuen Chafee nafarrak, eta Irujoren kontra jokatuko du final-zortzirenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu