Golak: 1-0: Aspasek (69. min.); 2-0: Bermejok (92 .min.) Epailea: H. Hernandez. Txartel horia Celtako Tuñezi eta OsasunakoFlaño eta Annani. Txartel gorria Osasunako Arribasi (bi hori, 82. min). Bestelakoak: 15.000 ikusle Balaidosen.
Hirugarren partida, eta hirugarren porrota. Sasoiko lehen puntuak batzeko itxaropenarekin joan ziren Jose Luis Mendilibarren jokalariak Vigora, baina esku hutsik itzuli dira Galiziatik. Joan-etorriko partida izan zen atzokoa, baina Osasunak gola egiten asmatu ez zuen bitartean Celtak bi egin zituen. Jardunaldia hasi aurretik bi taldeek punturik gabe jarraitzen baldin bazuten, atzoz gerotik Osasuna soilik da punturik gabe eta argi dago hurrengo bi asteak luze egingo zaizkiela nafarrei. Datorren asteburuan jardunaldirik ez egotean hurrengo hamabost egunetan sailkapeneko zuloan ikusiko dutetaldea osasunazaleek. Huts asko egin dituzte nafarrek lehen hiru partidetan, eta puntuen saskiak hutsean jarraitzen du.
Galiziako bi taldeen aurka aritu da Osasuna sasoia hasiz geroztik etxetik kanpo jokatutako bi partidetan, eta atzokoa lehen jardunaldian Riazorren jokatutakoaren oso antzekoa izan zen. Celtak, Deportivok bezalaxe ez zuen partida handia egin beharrik izan hiru puntuak eskuratzeko. Une batzutan Osasuna nagusi izan jokoan atzo ere —bederatzigarren minutuan Joseba Llorentek buruz langara bidalitako baloia markagailuan aurretik jartzeko aukera ederra izan zen— baina azkenean hiru puntuak Galizian geratu ziren. Atsedenaldian hutsean zen emaitza Balaidosen, orain bi aste Riazorren bezalaxe. Baina gol aukerak sortzeko arazo handiak izaten jarraitzen du Mendilibarren taldeak etxetik kanpoko partidetan, eta aurkariak gol bat egin orduko goitik behera erortzen da Iruñeko taldearen planteamendua.
Celtak ez zuen partida dotorerik jokatu. Baina beharrik ere ez zuen izan.Gutxi eginda, Osasuna baino gehiago izan ziren galiziarrak, eta Paco Herreraren taldeak soilik egin zituen partida irabazteko merituak.
Jose Luis Mendilibar ez zegoen batere pozik partida amaieran.Osasunako jokalarien akatsen ostean iritsi ziren Celtaren bi golak, eta taldeak ez zuen jakin behar bezala lehiatzen: «Bartzelonaren aurka ondo jokatu genuela esan eta esan aritu gara astean zehar, baina nik banekien partida horrek ez zuela ondorioak ateratzeko balio. Etxean talde handien aurka ondo jokatzea ohikoa izaten da, hala eta guztiz ere galtzea ohikoa den bezalaxe. Celta bezalako taldeek ez dizute uzten jokatzen talde handiek uzten dizuten bezala, eta gaur beste era batetara jokatu beharra genuen. Ez dugu behar bezala lehiatu».
Osasunako entrenatzailearen kexa haratago joan zen, eta jarreraz gain jokoa ere kritikatu zuen:«Atzetik aritu gara beti, mamu bat ginela zirudien, beti berandu iristen ginen eta ez dugu talde gisa jokatu. Korrika egin dugu, baina bururik gabe aritu gara. Goian presioa egiteak ez du ezertarako balio baloirik berreskuratzen ez bada. Ordu laurden batetan soilik jokatu dugu. Celta nagusi izan da eta merituz irabazi du».
Annanen estreinakoa
Osasunaren hamaikakoan berritasun bakarra izan zen. Patxi Puñal zigortuta zen eta Anthony Annan hasieratik aritu zen bere tokian. Lehen partidan ezer gutxi erakutsi zuen, dena dela, eta Raoul Loerekin bikote tristea osatu zuen zelaiaren erdian. Dena dela, ezin da jokalaria epaitu atzokoarengatik. Ez litzateke bidezkoa. Bere lehen partida zen Osasunarekin eta Espainiako Ligan, eta ez zen Osasunan aritzeko egunik onena izan, taldekideak ere maila eskasean aritu baitziren.
Erasoan Lamah eta Cejudo bakarka soilik saiatu ziren. Llorentek borroka egitea beste ezer ez zuen egiterik izan eta Sisi desagertuta aritu zen partida osoan. Atzean Damiak asko sufritu zuen. Bertranek gutxitan egin ahal izan zuen gora eta ia amaiera arte Arribas eta Flaño ondo ari baziren ere, Arribasek txartel gorria ikusi zuen bi inozokeriarengatik eta bigarren golean oparia egin zion Flañok Mario Bermejori. Atzokoa lehenbailehen ahaztea komeni da.
CELTA 2. OSASUNA 0
Hutsari lotuta oraindik
Punturik lortu gabe jarraitzen du Osasunak; ligako lehen hiru partidetan gol bakarra sartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu