Amaitu da partida Anoetan, eta amaitu, hasi den bezala amaitu da: hutsean. Manchester United Reala baino gehiago izan da, baina Ingalaterrako taldeak ez du asmatu ate aurrean. Bi baloi bidali ditu zutoinera, biak Robin Van Persiek, horietako bat penalti jaurtiketa batean, eta Bravok ukitu ondoren. Emaitza honi esker, talde txuri-urdinak oso zaila du Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatzea. Izan ere, multzoko beste partidan Xakhtar Donetsekek eta Bayer Leverkusenek hutsean berdindu dute Ukrainan. Hala, sailkapenean Manchester United da lider, zortzi punturekin; Bayer Leverkusen bigarren da, zazpi punturekin; Xakhtar hirugarren da, bost punturekin; eta Reala, azkena, puntu bakarrekin. Beraz, txuri-urdinek falta zaizkien bi partidak irabazi behar dituzte kosta ahala kosta: Xakhtarren aurka etxetik kanpo, eta Bayer Leverkusenen aurka etxean. Bi talde horiek ere Manchester Uniteden aurka kale egitea ere behar dute. Zaila, oso zaila, baina ez ezinezkoa.
Lehen zatia parekatua izan da. Lehen minutuetan bisitariek presio handia egin dute, eta txuri-urdinei asko kostatu zaie presio horri aurre egitea. Horri esker, Manchester Unitedek aukera bat baino gehiago izan du, batez ere Kagawak egindako lanari esker. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, Reala suspertu egin da, eta lehen aukera garbiak sortzen hasi da. Hala ere, bisitariak bezala, etxekoak ere ez dira fin aritu ate aurrean.
Bigarren zatia indarrez hasi du Realak, baina Manchester Unitedek gertu izan du gola hasi eta berehala, baina Chicharito Hernandezek gora bota du baloia dena alde zuenean. Asko gertuago izan du gola Van Persiek, baina bitan bota du baloia zutoinera: lehena, urrutiko jaurtiketa batean, eta bigarrena penalti batean. Bravok baloia ukitu du, nahikoa baloia zutoinera joan zedin.