Hemezortzigarren minutuan hamar jokalarirekin geratzen den talde batek puntu bat eskuratu izanarekin pozik beharko lukeela irudi lezake. Gazi-gozoaren zaporea utzi zuen, ordea, Athleticek Malagarekin lortutako puntuak.
Izan ere, 20. minutua igarotzerako, arerioak baino jokalari bat gutxiago zuten zuri-gorriek zelaian, epaileak Mikel San Jose egotzita. Atzelariak arerio bat bultzatu, eta epaileak ulertu zuen San Josek jo egin zuela. Txartel gorria erakutsi zion zuzenean.
72 minutuz jokalari gehiago izanagatik, Malagak gose eskasa erakutsi zuen zelaian, eta apenas eragin zuen arriskurik etxekoen atean. Puntu horri esker, zazpigarren postuan da orain Athletic sailkapenean, 21 puntu pilatuta.