Hutsuneak protagonista

Taldeko jokalari erabakigarrienak barik ariko dira elkarren aurka gaur Athletic eta Valladolid

haritz gallastegi
2008ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Taldeko jokalari erabakigarrienak barik ariko dira elkarren aurka gaur Athletic eta Valladolid
haritz gallastegi

Bilbo

San Mameseko zelaian egongo ez direnak izan dira asteko protagonistak, Athleticek eta Valladolidek gaur jokatuko duten neurketan. Talde zuri-gorrian Julen Guerrero auzia izan da albiste. Joan den urteko uztailean hasi zen jokalari ohiaren eta Fernando Garcia Makuaren arteko ikusezina. Bi aldeen arteko auzia espero zen moduan amaituko omen da. Guerrero Athleticetik kanpo, alegia. Baina bederatzi hilabete behar izan dituzte ondorio horretara ailegatzeko.

Athleticeko azken ikurrak aspaldi utzi zion futbol zelaian protagonista izateari. Dozena erdi urte bai behintzat. Ordutik beste batzuk dira talde zuri-gorria lehiakor izateko ardura dutenak. Betebehar horretan garrantzi handia izan dute Joseba Etxeberriak eta Fran Yestek. Elgoibartarra Guerreroren belaunaldi berekoa da, baina kirol ibilbidea luzatzen jakin izan du. Nahiz eta haren jokoa hain ona ez izan, futbolari garrantzitsua da oraindik. Yestek, berriz, Guerreroren lekukoa hartu zuen, zaleen jokalari gustukoenen artean.

Bada, ez bata ez bestea ez dira gaur zelaian izango. Almeriaren aurka bosgarren txartel horia ikusi zuten. Beraz, behartutako atsedena hartu beharko dute. Valladoliden ere txartelak eta zigorrak izan dira albiste. Txartelen ondorioz Joseba Llorentek ezingo baitu San Mamesen jokatu -lehen itzulian ere ezin izan zuen zuri-gorrien aurka jokatu-. Beraz, bi taldeek izango dituzte hutsune garrantzitsuak. Zein taldek nabarituko dituen hutsuneak gehiago izan da asteko eztabaida nagusia. Era guztietako iritziak izan dira. «Athleticen ez dago Yesteren ezaugarriak dituen beste jokalaririk», adierazi zuen Aitor Ociok. Horregatik da hutsune garrantzitsua. Basauritarrak erabat baldintza dezake Athleticen jokoa. Euskarrian jokatzen badu, baloiaren jabetza izatea ezinbestekoa da bizkaitarrentzat. Baloirik ez duenean ezer gutxi egiten baitu Yestek. Baloiaren jabe denean, berriz, gauza asko eta ia guztiak ondo egiteko gai da. Memento egokian pase neurtuak eman ditzake. Horrela, errazagoa da aurkariaren amarauna gainditzea. Aukeran, abiadura apur bat falta zaio ezker finaren jokoari. Yestek euskarri gisa egin beharreko jokorako alternatiba egokia dauka Joaquin Caparrosek. Basauritarra baino aukera hobea seguruenik. Pablo Orbaizek Yestek egiten duenaz gain beste hainbat gauza egin baititzake. Defentsako beharra, besteak beste. Erdilari nafarrak ez du arazorik izango taldearen jokoa antolatzeko ardura hartzeko. Hori bai, estrategia jokaldietan ez du bere taldekidearen maila. Ona da, baina ez Yeste adina. Eta futbolean oso garrantzitsuak dira geldikako jokaldiak. Are eta gehiago sarri askotan nahi eta ezin aritzen den talde batentzat.



YESTE, ETXEBERRIA, LLORENTE... Etxeberriaren hutsunea ere garrantzitsua da. Elgoibartarraren jarrera, esperientzia, faltak behartzeko erraztasuna... eskertzen ditu taldeak. Aritz Adurizek bete beharko du kapitainaren lekua. Donostiarrak beste ezaugarri batzuk ditu, baina ondo bete dezake bigarren aurrelariaren lana. Aurrelari gipuzkoarrak itzuli bat darama golik sartu barik. Jokalariak zein taldeak eskertuko dute bolada txarra lehenbailehen amaitzen bada.

Llorentek Valladolidi ematen diona ere aintzat hartzekoa da. Hondarribiko jokalaria sasoi betean dago. Taldeko golegile nagusia da. 2008. urtea hasi zenetik Valladolidek duen golegile bakarra. Golak ez ezik, lana eta futbol gosea ematen dizkio taldeari. Borrokalari amorratua da, baloi bat galduta ez duen horietakoa. Aurkariek ezin dute lasai egon bera aurrean dutenean. Jokalari ezerosoa da atzelarientzat. Athletic gipuzkoarra fitxatu guran dabil. Bost milioi euro balio omen ditu. San Mamesen partida ona jokatuz gero, Athleticen egoera okertzen laguntzeaz gain, bere fitxaketa garestitu egingo litzateke. Beraz, hobe jokatzen ez badu. Hala ere, ez da komeni bere ordezkoa gutxiestea. Vladimir Mantxev bulgariarra jokalari ona da. Azkarra. Taldekideek konfiantza osoa daukate bere jokoan.

San Mamesen egongo ez direnak kontuan hartzeko jokalariak dira. Baina bi taldeetako entrenatzaileek ez dute ezer aurreratuko jokatuko ez dutenen gainean pentsatuz gero. Aldez aurretik ez dute egingo. Gero, beharbada bai. Azken emaitzaren arabera izango dituzte gogoan. Era berean, partida amaitu ostean jakingo dugu zer sentitu duen Jose Luis Mendilibarrek San Mamesera bueltatzean. Atzeko atetik utzi behar izan zuen Athletic 2005-06ko denboraldia hasi besterik ez zenean , eta Lehen Mailako entrenatzailea dela erakutsita itzuliko da gaur. Txalo artean hartuko dute, ziur, bai teknikaria, baita Iñai Bea atzelari amurrioarra ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.