Amstel Gold Raceren ondorenean dator Fleche Wallone, Ardenetako bigarren klasiko garrantzitsua. Charleroi eta Huy artean jokatuko da, gaur, eta 194 kilometro izango ditu guztira. Lasterketako zailtasunik nabarmenena Huyko horma izango da beste behin ere. Hiru aldiz igo beharko dute, eta han erabakiko da, zalantzarik gabe, probako irabazlea nor den.
Kilometro eskaseko igoera da, baina oso malda gogorrak ditu (%26ko pendiza). Igoera ederra da eskalatzaileentzat, eta gozamena ikusleentzat. Alejandro Valverde (Movistar), Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Joaquim Rodriguez (Katuxa), Andy Schleck (RadioShack), Vincenzo Nibali (Liquigas), Bauke Mollema (Rabobank) eta Jelle Vanendert (Lotto) dira proba irabazteko hautagai nagusiak.
Amorratua da halako igoeretarako Rodriguez. Aurreko urtean bertan, bigarren postuan amaitu zuen lasterketa, eta amaitu berri den Euskal Herriko Itzulian ere nabarmen utzi zuen eskalatzaile peto-petoa dela. Erakustaldia eman zuen Ibardinen gora.
Valverdek ere badaki zer den klasiko garrantzitsu hau irabaztea. 2006an bera izan zen azkarrena. Horregatik, eta duen esperientzia guztiarengatik, kontuan hartzeko txirrindularia izango da. Igor Antonekin batera. Hark ere badaki zer den Flecha Wallonen onenen artean ibiltzea. Iaz bosgarren postuan amaitu zuen, eta aurten podiuma du amets. Huyko azken igoerara faboritoekin batera iristen ahaleginduko da galdakoztarra.
Igandean jokatuko da Lieja-Bastogne-Lieja, Ardenetako hirugarren eta azken klasikoa. Hartarako proba gisa hartuko dute batzuek gaurkoa, baina gehienek sarituen zerrendan euren izena idatzi nahiko dute, ziur.
Huyko horma dute zain
Gaur jokatuko da Fleche Wallone klasikoa, eta Anton, Valverde eta Rodriguez dira proba irabazteko faboritoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu