Txapelketa berri bati ekingo diote aurki Euskal Herrian: errugbiko Euskal Kopari, Euskal Herria Kirolak antolatuta. Baionaren eta Miarritzeren artean izango da lehen edizioko partida, abuztuaren 3an (ostirala), Donostiako Anoeta estadioan, 20:00etatik aurrera.
Ekimenaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute gaur, estadioan bertan. Jon Esturo bozeramaileak adierazi duenez, egun hori "errugbiaren besta" bihurtu nahi dute, "errugbia baita Iparraldea eta Hegoaldea harremanetan jartzeko kirol nagusia". Horretarako, Euskal Herriko hainbat klubekin aritu dira elkarlanean: Uztaritze, Bera Bera, Atletico, Hernani, Gernika, Zarautz, Gaztedi eta La Unicarekin. Denek ala denek izango dute txosna Anoeta estadioaren kanpoan antolatuko den festan. Han izango dira baita Dj Bull, Damba eta Xutik ere, festa girotzeko.
Datozen urteei begira piramide nagusi bat osatu nahi dute; hainbat mailako taldeak ariko dira, "Euskal Herriko txapelduna izendatzeko".
Era berean, abuztuaren 3ko partida hasieran maiatzean zendu zen Jose Inazio Kote Olaizolari omenaldia egingo diotela adierazi du Euskal Herria Kirolak, "beste gauza askoren artean, hura izan zelako lan hauetan aintzindari".
Sarrerak salgai daude www.ehkirola.org-n eta Anoetako 6. leihatilan, 18:00etatik 20:00etara, baita datorren astelehenetik aurrera 12:00etatik 14:00etara edota 18:00etatik 20:00etara ere. 10, 20, 30 eta 40 euro balio dute.