Valentino Rossi motorra ziztu bizian gidatzen ikustea gozamena da. Kontrarioak nola aurreratzen dituen ikustea. Bihurguneetan nola frenatzen duen ikustea. Noiz eta nola azeleratzen duen ikustea, eta behin irabazita, zaldiarena nola egiten duen ikustea. Begientzako gozamena dela, alegia. Italiako Mugelloko zirkuituan, esaterako, hamaika erakustaldi eman ditu azken hamarkadan. Italiako Giroko zazpigarren etapa, hain zuzen, Mugelloko zirkuituan bertan bukatu zen atzo. Eta han, tropeleko txirrindularirik azkarrena izan zen nagusi. Behar zuen moduan. Alessandro Petacchi Mugellon ikustea ere gozamena izan zen. Bideratzaileek esprinta nola prestatu zioten ikustea. Azken kolpea nola jo zuen ikustea, eta Bettiniren, Hushovden eta Napolitanoren azken ahaleginari nola eutsi zion ikustea. Rossiren abiadura harrapatu ez arren, ziztu bizian ibili zen Petacchi Mugellon. Halako eremuan naturala den moduan. Bide batez, bere bigarren garaipena lortu zuen Giro honetan; denboraldiko 12.a. Marco Pinottik, berriz, arazorik gabe eutsi zion lidergoari.
Ia-ia motorren abiaduran bukatu zuen etapa. Halere, ia-ia motorren abiaduran txirrindulari guztiak ibili ziren egun osoan. Aurtengo Italiako Giroko etaparik luzeena zen atzokoa: Spoleto eta Scarperia (Mugello) artean 254 kilometro. Ez dira, ez, gutxi. Dena dela, sei ordu pasatxo behar izan zituzten txirrindulariek ibilbidea egiteko. Italia erdialdean atera eta ia-ia iparraldean bukatu. Lekualdaketa autobusean egin beharrean, bizikleta gainean, pedalei jo eta su eragiten.
Mugelloko zirkuituko azken zuzengunea aproposa zen, etapa esprintean bukatzeko. Eguneko kilometro kopurua eta oraindik ere zazpigarren etapa zela kontuan hartuta, areago. Halere, ohi bezala, izan ziren ihes egiten saiatu ziren txirrindulariak. Eta baita lortu ere. Beñat Albizurik (Euskaltel Euskadi), Bertogliatik (Saunier Duval), Aggianok (Tinkoff) eta Patanchonek (Francaise Des Jeux) bederatzigarren kilometroan egin zuten aurrera. Etapa luze-luzea zela jakinda, patxadaz aritu zen tropela. Hartara, ihesaldiak alde handi samarra ireki zuen. Hiru ordu pasatuta, 11 minutu eta erdikoa zen. Orduan, hori gehiegizkoa zela erabaki zuen tropelak. Eta nola Predictor Lotto hala Lampre lanean hasi ziren ihesaldiaren balentria ekiditearren, McEwenen eta Napolitanoren aukerei zukua ateratzeko intentzioarekin. Ihesaldiko kideek buruan igaro zuten eguneko mendate bakarra, baina minutu eskaseko abantailarekin. Izan ere, ordurako, 60 kilometroren faltan, serio ari zen lanean Quick Step taldea. Bettinik bere eguna izan zezakeela eta, bada lanean. Eta halaxe jarraitu zuten, ihesaldia harrapatuta ere.
SARI GABEKO LANA. Harrigarri samarra ere izan zen, Milramek eta Lottok ez zutelako errelebo bakar bat ere eman, Mugelloko zirkuituan sartu arte. Hau da: Quick Stepek 60 edo 70 bat kilometro egin zituen tropelaren buruan. Eta txintik esan gabe, burutik kendu gabe. Bitarte horretan, helmugarako bidean, txirrindulari bakar bat ere ez zen saiatu ihes egiten. Ez da harritzekoa. Batetik, tropelaren abiadura dezentekoa zelako. Eta bestetik, 200 kilometro egin ondoren indar erakustaldia ematea gutxi batzuen esku dagoelako. Mugellon barneratu eta berehala, Milramek treno-a jarri zuen martxan. Helmugako zuzengunea ezin aproposagoa zen Petacchirentzat. Halere, Commesso txikia eta Cancellara bortitza treno-aren agintea desafiatzen saiatu ziren. Zorterik gabe, ordea. Treno-a bete-betean, abiadura bizian heldu zen azkeneko 200 metroetara, eta Petacchik azken kolpea eman zuen, Bettini kilkerra une oro gainean izan arren. Hortaz, Quick Stepen lan harrigarria alferrikakoa ez zela izan esan daiteke, kilkerrak errematea ez emanda ere. Errematea Petacchik eman zuen, Rossiren eremuan irabazita, ia-ia bere abiaduran nagusituta.
SaILKaPenaK
ZAZPIGARREN ETAPA
1. Alessandro Petacchi (Milram) 6.14.44
2. Thor Hushovd (Credit Agricole) d. b.
3. Paolo Bettini (Q. Step) d. b.
4 Danilo Napolitano (Lampre) d. b.
5. J. J. Rojas (Caisse d'Epargne) d. b.
10. K. F. de Larrea (Euskaltel Eus.) d. b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Marco Pinotti (T. Mobile) 29.59.16
2. Hubert Schwab (Q. Step) 3. 30era.
3. Danilo di Luca (Liquigas) 4. 12ra.
4. Franco Pellizotti (Liquigas) 4. 38ra.
5. Andrea Noe (Liquigas) 4. 47ra.
15. Patxi Vila (Lampre) 5.29ra
Ia-ia motorren abiaduran
Petacchik esprintean irabazi du Mugelloko zirkuituan, eta aurtengo Italiako Giroan bigarren garaipena lortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu