Iñaki Badiola da Realeko presidente berria. Gaurtik. Klubaren akziodunen ezohiko batzarra 20:30ak aldera hasi dute Donostian, Antonio Elorza Belodromoan -ordu eta erdiko atzerapenarekin-, eta lehendakari izateko beste hautagairik ez da aurkeztu. Ezta zuzendaritzako kide izateko ere; beraz, denak Badiolaren taldekoak izango dira.
Babes sendoa lortu du Badiolak. Izan ere, batzarrean 79.283 akzio zeuden ordezkatuta (akzio denen %60,27), eta 57.004 boto jaso ditu hark; %71,9. Taldekideek antzekoa jaso dute. 14.495 akziodunek zuten azken hitza emateko aukera, eta gaur Belodromora 2.261 azaldu dira. 20:50ak aldera hasi dute bozketa eta ia hamarretan jakin da emaitza.
2001ean Jose Luis Astiazaran, Peio Gibelalde eta Ignacio Galloren artean aukeratu zuten Realeko akziodunek -Astiazaran izan zen irabazle-. 2005ean, berriz, Miguel Santos eta Miguel Fuentesen artekoa izan zen hautua -Fuentes garaile-. Honek iazko denboraldia bukatzear zela utzi zuen kargua, eta Maria De la Peña orduko presidenteordea jarri zen haren ordez. Honek iazko urtearen bukaera aldera utzi zuen, eta zuzendaritzak gaurko deitu zituen hauteskundeak. Juan Larzabal aritu da bitartean presidente.
Badiolarenaz gain, beste hautagaitza bat sortzeko mugimendu asko izan dira ezkutuan. Jokin Aperribai eta Luis Arkonadaren izenak bolo-bolo ibili ziren, baina ez da inor aurkeztu.
Donostiarra da Badiola eta 42 urte ditu, enpresaria da, eta ez daki euskaraz. "Euskara ikastea da nire erronka", esana du.
Realeko 29. lehendakarian bihurtu da hura.
Egitasmoa
Azkeneko aste honetan asko hitz egin du Badiolak, bere proiektua azalduz. Gai nagusi batzuk:
Fitxaketak. Marc Crosas euskarria (Bartzelona, 19 urte) eta Fran Merida ezker erdilaria (Arsenal, 17 urte) fitxatuta dituela dio. Nicola Zigic erdiko aurrelaria ere (Valentzia, 28 urte) lotuta duela dio. Beste bi fitxaketa egin nahi ditu, baina gaur ez du batzarrean izenik eman.
Entrenatzailea. Hasieran bazirudien Chris Colemanek ez zuelako segituko izaten Realeko entrenatzaile. Orain Badiolak dio nahiko lukeela hark segitzea. Bestela, Javier Irureta izan daiteke ordezkoa.
Administrazio Kontseilua. Hauek izango dira kideak: Badiola bera, Alex Naia -lehen presidenteorde-, Iñaki Iraola -bigarren presidenteorde-, Pako Aiestaran, Beatriz Ugalde, Jorge Fernandez Izard, Iñaki Soto, Jon Loidi, Txomin Andonegi, Martin Arregi, Juanjo Bueno eta Fernando Antunez. Badiolaren asmoa kontseilua zortzi kidera murriztea da.
Diru iturriak. 2008ko Beijingo Olinpiar Jokoez eta 2010eko Shanghaiko Expoaz baliatuz, diru iturriak lortu nahi ditu Txinan. Esaterako, Realaren bost eta zazpi milioi elastiko salduta. Horretaz gain, prest dago Anoeta estadioari aurten ‘Pekin 2008 Arena’ izena jartzeko eta 2009tik ‘Expo Shanghai 2010 Arena’, horrek ere diru iturriak sor ditzakeelakoan (Txinako telebista eskubideak…).
Futbola
Iñaki Badiola izendatu dute Realeko presidente, %72ko babesarekin
57.004 boto jaso ditu gaurko akziodunen ezohiko batzarrean. Ez du aurkaririk izan. Zuzendaritzako kide denak bere taldekoak izango dira, ez baita beste proposamenik aurkeztu gaur ere. Akzioen %60,2 egon dira ordezkatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu