Lagun Arori sei jokalari eta hiru aste eskas geratzen zaizkio taldea lotzen hasteko. Sito Alonso entrenatzaile berriak bi aste daramatza dagoeneko Donostian lanean, eta taldera etor litezkeen lehen izenak agertzen hasi dira. Iaroslav Korolev da guztietan lehena. Korolev 2,06 metro neurtzen duen hegaleko errusiarra da, oso gaztea (24 urte), eta eskarmentua du ACB ligan: iaz Granada taldean jokatu zuen.
Granadan baino lehenago aritu zen NBAn, Los Angeles Clippers taldean, baina ez zuen zenbaki onik lortu. Granadan, berriz, ez zen hain gaizki aritu, eta aintzat hartzeko moduko zenbakiak lortu zituen: 8,8 puntu eta 2,7 errebote partidako. Korolev saskia txikitzeko eta jauzi handiak egiteko duen gaitasunagatik egin da ezagun, baina baditu beste ezaugarri batzuk: azkarra da kontraerasoetan, lauzpabost metroko jaurtiketa txukuna du eta 3 eta 4 postuetan joka dezake bere garaierari esker.
Korolevek zorte txarra izan du lesioekin. Granadan belauna txikitu zuen bere sasoi puntu onena lortzeko bidean zela, Valentziako Florent Pietrusekin tupust egin ostean, eta horrek bere balioa erakusteko aukerarik ez edukitzea eragin zuen.
6.500 bazkide Bilbon
Bilbo Basketek 6.500 bazkideen langa gainditu du dagoeneko. Bi aste atzera hasi zuten bazkide berriak erakartzeko kanpaina, eta erantzuna ezin hobea izan da, 530 bazkide berri lortu baitituzte hamabost egunean. Kanpainak liga txapelketa hasi bitartean iraungo du, urriaren 8ra arte, eta, zale gehiago erakartzeko asmoz, Bilboko taldeak salneurri merkeak finkatu ditu, joan den sasoiko prezioei eusteaz gain.
Iaroslav Korolev hegalekoa izan liteke Lagun Arok fitxatuko duen lehena
2,06 metroko errusiarra da; Granadan zenbaki txukunak lortu zituen, baina arazo asko izan zituen lesioekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu