Urtebete geroago, Daryl Impeyk (Greenedge) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, Gasteizen, esprintean. Simon Gerrans atzo arteko liderra bera azken kilometroan lanean aritu ondoren, erremate polita eman dio hegoafrikarrak taldearen lanari. Faboritoen artean ez da alderik izan, baina, helmugako postuen eraginez, lider aldaketa izan da azkenean. Francesco Gavazzi (Astana) abiatuko da bihar liderraren maillotarekin, Lejanara bidean. Impey eta Gavazziren gainetik, ordea, Amets Txurruka (Caja Rural) izan da eguneko protagonista. 10. kilometroan ihes egin du bizkaitarrak, bakar-bakarrik, eta lasterketa buruan igaro da eguneko bost mendateetatik lautan. Hemezortzi puntu gehiago pilatuta, sendotu egin du mendateetako sailkapena. Horrekin nahikoa ez, ordea, eta tarteko helmugetako bederatzi puntuak ere eskuratu ditu Etxebarrikoak. Caja Ruralekoa dago sailkapen buruan tarteko helmugetan ere. Azken 30 kilometroetan sartuta, Jens Voigt (RadioShack) eta Andrea Malori (Lampre) saiatu dira tropela estu hartzen, baina helmugara iristeko zazpi bat kilometro falta zirela geratu da ezerezean euren ahalegina.
Etapa erabakigarrietako bat jokatuko da bihar, Gasteiz eta Lejana artekoa (167,7 km). Oso gogorrak dira azken 500-600 metroak eta segundo batzuen aldea izango da faboritoen artean. Gaur baino eguraldi hobea dago iragarrita, hala ere, eta erorketen arriskua murriztuko du horrek.