Iaz bezala, duda askorekin

Athletic hutsetik hasiko da Europako Ligan, joan zen denboraldian txapelketa horretan hainbeste une bikain izan osteanZigor gogorren beldur, UEFAko arauak betetzeko eskatu die klubak zaleei

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Futbolean, egindakoak gutxirako balio du. Aurrera begiratu behar da beti», esan zuen Andoni Iraolak joan zen astean, Athleticekin jokatu behar zuen 400. partidaren inguruan galdetuta. Egia da horren azkar doan gizarte batean ez dela ohikoa atzera begiratzea. Ez du ezer ematen. Baina lantzean behin komeni izaten da egindakoari gainbegiratu azkar bat ematea. Batez ere egindakoak leku berezia baldin badauka 115 beteko dituen klub batean.

Hemendik mende erdira gogoratuko diren norgehiagokak jokatu zituen talde zuri-gorriak aurreko sasoian Europako Ligan: nola ahaztu Old Trafforden Manchester United handiari emandako egurra. Ametsen antzokian zeuden 8.000 jarraitzaileen eta etxetik ikusi zuten gainerako zuri-gorrien oroimenean geratuko den neurketa izan zen. San Mamesen jokatutako itzulikoa ere ederra izan zen oso. Baina ez ziren izan egun berezi bakarrak: Paris Saint-Germain ahaltsuaren kontra San Mamesen irabazitako neurketa, Schalke 04ren aurkako kanporaketa, Sporting Lisboarekin eta Lokomotivekin izandako lehiak…Handia izan zen egindakoa. «Iaz, gau ederrak pasatu genituen Europako Ligan. Ea aurten ere gauza onak egiterik daukagun. Hapoelen kontrako neurketak morala eman diezaguke», azaldu zuen Oscar De Marcosek, herenegun.

Bistan da aurreko sasoian egindakoak ez diola abantailarik emango sasoi honetako lehiaketan. Talde guztiak hutsetik hasiko dira. Guztiek dute aukera bera. Eta Athleticek neurketaz neurketa erakutsi beharko du merezi duela lehiaketako onenen artean egotea. Baina aurrez izandako esperientziek zuzen jokatzen laguntzen dute erabakiak hartzeko orduan. Jarraitzaile askok pentsatuko du egungo Athleticek zeregin gutxi duela Europan; orain arte erakutsi duen jokoak ez duela ematen lehiakor izateko.

Hala uste dute edo uste zuten? Izan ere, iaz ere antzera ekin zion Marcelo Bielsak entrenatutako taldeak ligaxkari. Liga negargarri hasi zuen: duda askorekin. Eta zalantza horien isla izan ziren lortutako emaitzak. Txarrak oso. Baina, urrats txiki eta sendoak eginda, egoerari buelta ematea lortu zuen. Iazko esperientziak utzi zuen lehen irakasgaia izan zen pazientzia izan behar dela; Bielsak zuzentzen duen proiektuak merezi duela; balekoa dela. Bigarrena, berriz, ez duela merezi luzera begiratzea. Ez da komenigarria, gainera. Helmugara iristeko, oztopo asko gainditu behar dira, eta, oztopo horiek gainditu ezean, ez dago ametsa egia bihurtzerik. Beraz, Athleticen lehen helburua da lau taldeko ligaxkan bi lehenengoen artean sailkatzea. Eta horretarako, ezinbestekoa da etxeko partidak irabaztea. Beraz, gaur Hapoel Kiriat Xmona Israelgo talde ezezagunaren kontra irabaztea ezinbestekoa izango da (21:05, GolT) —Olympique Lyonek eta Sparta Pragak ordu berean jokatuko dute, Frantzian—. Zorionez, sekula lasaitzen ez den entrenatzaile bat dauka Athleticek. «Aurkaria ezezaguna izateak ez du esan gura samurra izango denik. Partida guztiek dute garrantzi bera. Oraingo futbolean oso gaitza da erraz irabaztea», adierazi zuen atzo Marcelo Bielsak.

Castillo bai, Llorente ez

Neurketa guztiek berdin balio dutelako, gaur ere bere gustuko futbolarien alde egingo du teknikari argentinarrak. Aldaketa bakarra Iñigo Perezen lesioak eragingo du. Haren lekua Xabi Castillok beteko du. Ezker hegaleko bizkaitarrak neurketa ofizial bakarra jokatu du azken urtebetean. Beraz, asko balio du gaur izango duen aukerak. Athleticen lekua daukala erakusteko lehen aukera izango du; bai hamaikakoan, baita klubean ere. Izan ere, datorren ekainean amaitzen zaio kontratua. Beraz, etorkizuna dauka jokoan Castillok. Hamaikakoan egongo den berritasun bakarra izango da. Hortaz, Fernando Llorentek aulkitik ikusi beharko du neurketaren hasiera. Ikusi egin beharko da nola hartzen duen San Mamesek jokalaria, baina badirudi hasieran txistu egingo diotela. Txistu horiek txaloak ekarriko dituzte gero. Egoera normaltasunaren atarian dagoela erakutsiko du horrek.

Alde horretatik, Athleticeko zuzendaritza kezkatuta dago San Mamesen egongo den giroaz. Batetik, Athleticen jarraitzen duen bitartean Llorente babesteko ahalegina egiten ari delako. Jokalaria konbentzitzeko asmoz? Aurrelariak sortzen duen morboaz gain,zeresana emango duen beste kontu bat ere badago. Izan ere, Israelgo talde batek bisitatuko du Bilbo. Jakinekoa da euskal gizartearen zati batentzat ez direla ongi etorriak herrialde horretako taldeak. Hori islatu egingo da gaur harmailan —Askapena gizarte eragileak dei egin die zaleei Palestinako zapi eta banderekin joatera—. Eta horrek sortzen du ardura agintari zuri-gorrien artean; ez baita ahaztu behar UEFA zorrotza dela oso kirola eta politika nahasten diren kontuekin. Athleticek ez du zigorrik nahi, eta hori saihesteko, UEFAren arauak betetzeko eskatu die zaleei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.