Arrauna. Eusko Label liga

Iazko bidetik hasi du

Hondarribiak irabaziz ekin dio Eusko Label ligari, Coruñan, aurreko urtean bezala. Gaur erabakiko da bandera, eta Santurtzi du gertuena: 14 segundora

Hondarribia, ahalegin betean, atzo, Eusko Label ligako lehen jardunaldian, Coruñan, Galizian. EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Hondarribiak iazko bidetik hasi du aurtengo Eusko Label liga: irabaziz. Joan den urtean, Coruñako (Galizia) lehen jardunaldian, azkarrena izan zen Ama Guadalupekoa ontzia, baina Santurtzi bigarren sailkatuari alde laburra atera zion: segundo bakarrekoa. Huskeria itsaso zabalean egin behar den esfortzurako. Atzo, baina, bakarra ez, hamalau segundoko altxorra eskuratu zuten berdeek Sotera traineruarekiko. Hondarribiarrek estropada biribila egin zuten, barruranzko bi luzeetan bereziki, Joseba Amunarrizek aginte makila zuela. Olatu gainean eraman zuen ontzia, eta hegan egin.

Gaurko lehiarako, hamalau segundo bada tartea, baina ez nahikoa estropada eremu bihurri horretarako; areago iazko mamuak agertzen bazaizkio Mikel Orbañanosen taldeari. Izan ere, sailkapeneko azken postuan amaitu zuten; puntu sorta ederra kareletik behera botata, gainera. Beraz, Galiziatik Euskal Herrira zapore gozoarekin itzuli nahiko dute hondarribiarrek.

Iragarrita zegoen haizeak mendebaletik zakar joko zuela, eta olatuek ere norabide beretik. Aurreikuspenak bete egin ziren. Itsaso narrasa zegoen, eta arraun egiteko zaila, hondoko itsasoa egon arren. Baldintza gogor horien ondorioa emaitzetan islatu zen erabat. Alde handiak egon baitziren traineruen artean. Pentsa, Hondarribia irabazleak Isuntza hamabigarrenari minutu bat eta sei segundo atera zizkion.

Zozketak hala erabakita, Hondarribia lehen txandan aritu zen, Zierbena, Ondarroa eta Urdaibairekin batera. Laurak lehian jarri aurretik, kale zozketak zeresana eman zuen. Orzan badian, lehen eta bigarren kaleko ontziek babes handiagoa zuten kanpokoek baino. Ondarroa joan zen aurrenekotik, eta Hondarribia bigarrenetik. Zierbenari hirugarren kalea egokitu zitzaion, eta Urdaibai, bestalde, inork nahi ez zuen laugarren kale deserosotik aritu zen.

Semaforoa berde jarri orduko, Zierbenako arraunlariek eman zituzten lehen arraun kolpe azkarrenak, eta Hondarribia taldetik pare bat tosta aurretik jarri ziren. Arraunketa egonkortu ostean, Hondarribiak eta Zierbenak hartu zuten estropada burua. Ondarroakoak bere lanean jarraitu zuten, itsutu gabe. Urdaibaik, baina, gogotik sufritu zuen laugarrengo kale bihurritik.

Aurreneko ziabogara, Juan Zunzunegiren taldea iritsi zen lehena, eta bi segundo geroago Hondarribia. Baina Amunarrizek eta Urko Redondo aurrekalariak ziaboga estua eta azkarra egin zuten; Borja Gomez Zierbenako lemazainari, berriz, ontzia apur bat joan zitzaion, eta garesti ordaindu zuen. Ziabogatik ateratzerako, Hondarribia olatuan dantzan zebilen.

Minutuak aurrera joan ahala, Orbañanosenak aurkariarekiko aldeak handituz joan ziren. Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariak, erreferentziak alde zituztela jakitun, gozatuz zihoazen poparean, pala uretan ongi sartuz, eta palada ongi bukatuz. Artean, Zierbena, Ondarroa eta Urdaibai amilduak zeuden. Handik aurrera, hondarribiarrek lanean serio jardun zuten amaiera arte, eta kontuan hartzeko denbora markatu zuten: 20.16,56.

Santurtzikoek Hondarribiak egindako denbora buruan zutela egin zuten arraun bigarren txandatik. Hasieratik amaiera arte nagusi izan ziren moreak, eta aise menderatu zituzten Orio, Ares eta Isuntza, baina berdeengandik nahi baino urrunago: hamalau segundoko atzerapenarekin helmugaratu ziren Iker Zabalarenak.

18:30ean zen marea behean, eta hirugarren txanda hasterako urak buelta emana zuen, hots, korronte handiagoa zuten Donostiarrak, Cabo da Cruzek, Zarautzek eta Tiran igo berriak. Torrekua ontzia zen txanda irabazteko faborito, eta Igor Makazagarenek ez zuten huts egin. Dena den, amaieran, Cabo hiru segundora hurbildu zitzaien. Boiroko gorriak ez dira erraz etsitzekoak, eta agerian utzi zuten atzo ere. Gaur, Coruñako banderako bigarren jardunaldia jokatuko da (12:00, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.