Iazko finalistak berandu datoz

Xalak, gripeak jota, eta Olaizola II.ak, besoko minez, astebete atzeratu dituzte buruz buruko partidak

Aimar Olaizola, Xala eta Julen Retegi, eserita, buruz buruko txapelketaren aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI RPESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Iritsi dira atzerapenak buruz buruko txapelketara; ohi baino lehenago, gainera. Xalak eta Olaizola II.ak ez dute jokatuko aste honetan. Iazko txapelduna gripearekin dago; txapeldunordeak, berriz, min pixka bat du eskuin besoan. Biek ala biek final-laurdenak heldu den asteburuan jokatu ahal izatea eskatu dute, eta EPELeko epaileak bien eskaerak onartu ditu. Arautegiak aukera hori onartzen du, betiere hurrengo faseko, kasu honetan finalerdietako partidak baino lehenago jokatzen badira, eta horiek ekainaren 3rako daude aurreikusita.

Hala, Irujo eta Xalaren arteko buruz buruko final-laurdenetako partida hilaren 27an jokatuko da, ziur asko Bilbon. Athleticek Espainiako Kopako finala irabazten badu, egun horretan aterako dute gabarra, eta ez litzateke harritzekoa eguna edo tokia aldatzea. Olaizola II.ak eta Retegi Bik, berriz, hilaren 28an jokatuko dute, astelehenean. Hala ere, ez litzateke harritzekoa 26ra aurreratzea, telebista beharrak direla medio.

Xalak egun batzuk egin ditu gaixo, eta ez da garaiz sendatu. Jokin Etxanizek asteartean harekin entrenatzeko asmoa zuen, eta pilotariak ezin zuela esan zion. Gero, atzoko gelditu ziren, eta bigarrenez uko egin ondoren, ez jokatzea erabaki zuen pilotariak. Aspek eguerdian eman zuen albistearen berri. Irujo, halere, ez da geldirik egongo, eta binaka jokatuko du etzi, Eibarren.

Asegarcek arratsaldean eman zuen Olaizola II.aren minaren berri. Besoan min du, edema txiki bat, eta badaezpada ere astebete atzeratzeko eskatu zuen. Goizean Xalak bere partida atzeratu izanak ziur pilotariari eta enpresari eskaera egiteko zalantzarik bazuten uxatzen lagundu ziela.

Lehen Mailakoak ez ziren izan atzo erabaki ziren atzerapen bakarrak, Joseba Ezkurdiak ere astebete atzeratu zuelako Alvaro Untoriaren aurka jokatu beharreko 2. Mailakoaren finalerdia. Arbizukoak orkatila bihurritu du, eta ekainaren 3an jokatuko du.

Idoate, kexaka

Mikel Idoateri ez zitzaion gustatu Asier Olaizolak larunbateko partidarako atzo Iruñean aukeraturiko pilotetako bat. «Gehiegizkoa» iruditu zitzaion. Arratsaldean, berriz, Oinatz Bengoetxea eta Sebastian Gonzalez elkartu ziren Hendaian, eta ez zen arazorik egon. Jaialdia Endaiarrak pilota elkarteak antolatu du, eta sarrerak salgai daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.