Iazko ispiluari begira

Samuel Sanchez taldeburu duela, «2011koa berdintzea» da Euskaltelen helburua aurtengo Tourrean

Aurtengo Tourrean ariko den Euskaltel-Euskadiren bederatzikoa, atzo, Zamudion. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Dauphineko erorketaren ondoren, oraindik ez nago erabat osatuta, baina ez daukat minik, eta egokia izan da azken asteotako prestaketa». Zalantzaren bat edo beste badauka Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi) Frantziako Tourraren atarian, baina taldekideek eta taldeko arduradunek «iazkoa berdintzea» dute helburu, «gutxienez». Mendiko maillota, etapa bat eta sailkapen nagusiko seigarren postua eskuratzea, alegia —Alberto Contadorren zigorraren ondoren, ofizialki bosgarren amaitu zuen espainiarrak—. Euskaltel-Euskadik atzo egin zuen Tourraren atariko urteroko ekitaldia, eta «konfiantzaz gainezka» abiatuko dira bihar txirrindulariak Lieja aldera, Belgikatik abiatuko delako larunbatean 2012ko Frantziako Tourra.

Samuel Sanchez, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Amets Txurruka, Ruben Perez, Pablo Urtasun, Mikel Astarloza, Jorge Azanza eta Gorka Izagirre. Hori izango da Euskaltel-Euskadiren bederatzikoa aurtengo Tourrean. «Zorte txarrik ez edukitzea bakarrik eskatzen dut». Hala adierazi zuen Miguel Madariaga Euskadi Fundazioko presidenteak. «Gainerakoa txirrindulariek egingo dute». Sanchez, berriz, penatuta dago txirrindularirik onenak ez direlako irteeran izango. «Denok galduko dugu Contador eta Andy Schleck gabe».

Galdeano managerra, 2013an

Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak eman zuen albistea: «Igor Gonzalez de Galdeano izango da taldeko managerra 2013tik aurrera». Arabarrak joan den denboraldian utzi zuen kargua, sei urteren ondoren. Euskaltel-Euskadik aurrerantzean ere tropelean jarraituko duela esan nahi du horrek. «Taldearen etorkizuna bermatuta dago. Buruargi jokatu behar dugu, ondo dauden gauzei eutsiz, eta beharrezkoa den beste batzuk modernizatuz». Filosofia aldaketa «manager berriaren esku» utzi zuen Garcia Erauskinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.