Etziko pilotak aukeratu berri ditu Alexis Apraizek (Gernika, Bizkaia, 1984) —ez da arazorik egon—, eta Astelenako harmailako eserlekuak txikiak dirudite bi metro luzeko atzelariaren hankentzat. Pilotaleku arrotza zaio, profesionaletan ez baitu inoiz han jokatu. Aldagelan Berasaluze VIII.a du zain, gripe txikiak jota. «Itxaron dezala pixka batean», esan du umoreko.
Beraz, etzi jokatuko duzu lehenbizikoz Astelenan?
Bai, eta, aizu, baneukan katedralean jokatzeko gogoa. Afizionatuetan behin jokatu nuen, aspaldi, eta ia ez naiz oroitzen. Ikusle gogorrak, serioak, direla diote.
Hala da; maldizioren bat botaz gero, hemen txistu egiten dute, eta zuk lehen dezente botatzen zenituen.
Aspaldi ez dudala maldiziorik bota; serio nabil, partidetan sartuta, ezin zara partidatik irten txorakeria txikiengatik.
Zer moduz doa binakakoa?
Niretzat ondo. Lehenengo partida txarra izan zen, bukaeran behera egin nuelako. Baina bigarrenean ondo aritu nintzela uste dut, eta hirugarrenean ere bai, pena izan zen Pablok gripearen erruz izandako txakalaldia.
Iaz ordezko gisa jokatu zenuen; aurten, hasieratik. Alderik ba al dago?
Bai, enpresa gainean dago. Iaz hutsak egin arren ez zela ezer gertatzen esaten zidaten, ahal nuena egiteko, baina aurten kontua ezberdina da, erantzukizuna handiagoa da. Nire azken urtea ona izan da, eta teknikariak gainean ditut, eta presio hori ona da. Presioa ona da pilotariarentzat.
Txapelketan sartuko zinela jakinda, prestaketa nolakoa izan zen?
Iaz ere banuen itxaropena, hor nengoela esaten zuten… Baina ez zen izan atsekabea. Aurten sartu izan ez banintz, orduan izango litzateke atsekabea: urte ona egin dut, torneo guztiak jokatu… Ilusioa nuen, eta azken hilabeteetan prestaketa gogorra egin dut, argaldu dut… eta nabaritu dut kantxan.
Nola prestatu zara?
Luis Goñirekin, astean behin Durangon, eta beste egunetan bakarka Gernikan. Goñik plana bidaltzen dit SMS bidez egunero.
Zure gorpuzkera ere aldatu da.
Debutatzean gimnasio lan asko egin nuen, indartu egin nintzen, eta pisua hartu. Ez loditu, trinkotu baizik, eta moteldu. Gero, Goñik esan zidan gimnasioa uzteko, eta hankak indartzeko eta argaltzeko. Janaria ere zaindu dut. Eta ia kolpetik hamar kilo argaldu nintzen, eta asko nabaritu nuen: pilotaren atzean hobeto jartzen nintzen, partidaren amaierara hobeto iristen nintzen…
Zenbat pisatzen duzu orain?
96 edo 97 kilo; lehen 105 kilo pisatzen nuen. Bi metro luze naiz, eta nire pisu egokiak 96 kilo inguruan behar du.
Zuk esana da koadro bateko kolpea irabazi duzula.
Bigarren Mailan ari nintzenean, noizbehinka erreboteren bat jotzen nuen, oso gertu hartuta, hiruan edo lauan. Orain, bostetik eta seitik ere urrun jartzen dut, pilotaren atzean hobeto jartzen naizelako. Kokapena da gakoa; pilotan, ondo kokatzea ia guztia da.
Hori bideoak ikusten lantzen da.
Bai, nire partida guztiak grabatu eta ikusten ditut, eta galdutakoak eta gaizki jokatutakoak aztertu behar dira zehatzen, non egin duzun kale ikusteko.
Zer moduz Berasaluzerekin?
Oso ondo. Asko laguntzen dit kantxan zein kanpoan. Lagun onak gara, eta ea Bizkaia aldera poz pixka bat eramaten dugun.
Asko hitz egiten duzue?
Ia egunero egiten dugu berba. Durangon elkartzean fisikoa ere batera egiten dugu, partida eta hautaketetara elkarrekin joaten gara, gero bazkaltzen dugu…
Azkenean eguraldiari buruz hitz egiten bukatuko duzue.
Kar, kar… ia-ia. Pilotari buruz asko egiten dugu berba, partidei buruz: nola hasi, nola jokatu…
Zeinek agintzen du?
Berak, berak! Normala da, eskarmentu handiagoa du, urte asko dira, eta berak ondo daki nolakoa den mundu hau.
Txapelketa nolakoa da?
Tentsioa handiagoa dela ikusten da, inork ez du ezer oparitzen, ez du zerikusirik enpresa partida batekin. Urtean Oinatz eta Patxiren aurka mila bider jokatuko dugu, baina txapelketan beste mundu bat da.
Zer eskatu behar zaizue txapelketan? Faboritoen artean ez zaudete.
Biok partida onak egitea, orain arte ez dugulako lortu. Lehenengo partidan nik egin nuen kale; bigarrengoan, Pablok; eta aurrekoan biok ondo hasi arren, Pablok ez zuen ondo bukatu. Biok ondo hastea eta bukatzea falta zaigu, eta hala edozeini irabaz diezaiokegu.
Finalerdiak bai?
Lor dezakegu. Biok ondo bagaude, nik agintzen dut eta Pablok bukatu, baina biok ondo egon behar dugu. Gu ez gara Oinatzena edo Xalarena bezalako bikotea. Guk erasoa dugu, eta horrek kale egiten badu, akabo.
Bizkaitar gero eta gutxiago zarete.
Bai, egia da; Lehen Mailan Pablo eta biok gelditzen gara, Zearra ere apur bat jaitsi da… Baina, tira, Ibai Zabala ondo dabil, Mikel Urrutikoetxea ere bai, eta azkenaldian Iñaki Iza oso ondo ikusi dut.
Noiz inauguratuko duzue Bilboko pilotaleku berria?
Otsailaren 26an, diotenez, baina, uste dut Irujo eta Olaizola II.a joatea eskatu dutela. Hori hala bada, ez dut ulertzen bizkaitar bi txapelketan egonda nola eska dezakeen hori Bizkaiko Aldundiak. Baina, tira, horrek ezin digu eragin; guk esaten diguten tokian jokatuko dugu.
Alexis Apraiz. Asegarceko pilotaria
«Iazko txapelketan ahal nuena egiteko esaten zidaten; aurten, ezberdina da»
Prestaketa aldatu eta hamar kilo argaldu zenetik arinago jokatzen du, hobeto kokatzen delako kantxan, eta, haren iritziz, hori da azken urtean izandako gorakadaren arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu