Zigandak Mallorcaren aurkako kanporaketa soilik dauka buruan une honetan, baina Larraintzarko entrenatzaileak badaki Kopan bizirik jarraitzeak garrantzi handia izan dezakeela taldearen ibilbidean. Bi txapelketa dira Liga eta Kopa, baina batean lortutako garaipenek adorea ematen dute beste lehiaketarako ere. Eta hori badaki Zigandak. «Nahiko nuke iragan sasoian UEFAn bezainbeste gozatzea denboraldi honetan Kopan, baina lehendabiziko gauza Mallorcaren aurkako kanporaketa da, eta orain ezin dugu beste ezertan pentsatu, oso kanporaketa orekatua aurreikusten baitugu lehendabiziko hau. Hori bai, jokalariei bezalaxe, zaleei ere asko gustatzen zaizkie aste barruan zehar gauez jokatzen diren norgehiagoka hauek, eta aurrera egitea da helburua», adierazi zuen atzo.
Eta hamaikakoan berritasun ugari izango badira ere, azken partidetan erakutsitako bideari jarraitu nahi dio Zigandak: «Jokalariak aldatu arren, azken partidetako bideari eutsi nahi diot, grina handiz zelairatu behar dugu, indartsu, sendo. Hala eta guztiz ere, partidak irabaztea asko kostatzen ari zaigu, baina gero eta gertuago ikusten dut garaipena. Azken bi partidak berdindu egin ditugun arren, hori da jarraitu beharreko bidea. Eta ea behingoz garaipenak iristen diren».
Eta Osasunak azken urteetan beti egin duen legez, oraingoan ere Ligan protagonismo gutxien duten jokalariak izango dira Kopako protagonista nagusiak. Ligako azken jardunaldian hasieratik jokatu zuten jokalarietatik lauk soilik jarraituko dute nafarren hasierako hamaikakoan gaurko partidan: Miguel Flañok, Corralesek, Javi Garciak eta Puñalek (azken bi hauek ezin dute datorren igandean Real Madrilen aurkako lehian jokatu). Hugo Viana, Javier Flaño, Sola, Elia eta Pandiani jokalarien sasoi maila ikusi nahi du Zigandak. Baina protagonista nagusia bigarren taldeko jokalari bat da: Oier Sanjurjo. 21 urteko jokalariak iaz ere behin baino gehiagotan entrenatu zen lehen taldearekin, baina Lizarrakoak ez du oraindik lehen taldearekin partida ofizialik jokatzeko aukerarik izan (denboraldi-aurreko partidetan aritu zen). Eta gaur izango du estreinako aukera Sanjurjok.
«OREKA» EMANGO DIOLAKOAN. Sanjurjo ezker hegaleko erdilari gisa jarriko du Zigandak, taldeari oreka emango diolakoan: «Postu askotan joka dezake Oierrek, eta jokalari ezberdinak diren arren, Cesar Azpilikuetaren antzekoa ere bada, izaeragatik, langilea, zintzoa eta oso lehiakorra baita. Badakigu ez dela buruz buruko jokaldietan iaioa, baina oreka handia eman diezaioke taldeari», esan zuen Zigandak atzoko prentsaurrekoan.
Aspalditik ezagutzen du Zigandak Sanjurjo, eta taldeari zer emango dion badaki. Iaz Erizek, Azpilikuetak, Jokinek eta Etxaidek baliatu zuten Espainiako Kopa lehen taldearekin lehendabiziko aldiz jokatzeko. Eta oraingoan Sanjurjoren ordua da.