Besteak beste, Marco Pantanik, Chris Froomek edo Eddy Merckxek irabazi izan dute Mont Ventoux mendi mitikoan (1.912 metro), baina igoerako markarik onena Iban Mayok (1977) dauka. Igorreztarrak 55 minutu eta 51 segundo behar izan zituen 2004ko Dauphine Liberen, Bedoin eta gainaren arteko 21,5 kilometroak osatzeko. Aintzat hartu behar da, nolanahi ere, kronoigoera batean lortu zuela errekorra. Ordura arteko markarik onena Jonathan Vaughtersek ezarria zuen, hark ere Dauphine Libereko kronoigoera batean, 1999an: 56:50. Frantziako Tourreko gaurko etapa, 11.a, Malaucenen bukatuko da, eta, hara iritsi aurretik, Mont Ventoux bi aldiz igo beharko dute.
[youtube]https://youtu.be/Lo6iWMKv3ao[/youtube]
Hiru tokitatik igo daiteke gainera: Malaucenetik, Saultetik, eta Bedoinetik. Azken horretatik egindakoek eman izan diote sona igoerari, handik baita gogorrena: 21,5 kilometro luze eta %7,4ko batez besteko pendiza —gaur aurrena Saultetik igoko dute, eta gero Bedoindik—. Hain zuzen, hauek dira lasterketa batean Bedoindik erregistratutako hamar igoerarik azkarrenak:
1. 2004 (Dauphine Libere, kronoigoera): 55:51 Iban Mayo.
2. 2004: (Dauphine Libere, kronoigoera) 56:26 Tyler Hamilton.
3. 1999: (Dauphine Libere, kronoigoera) 56:50 Jonathan Vaughters.
4. 2004: (Dauphine Libere, kronoigoera) 56:54 Oscar Sevilla.
5. 1999: (Dauphine Libere, kronoigoera) 57:33 Alexandr Vinokourov.
6. 1994: (Frantziako Tourra, ez zen gainean bukatu) 57:34 Marco Pantani.
7. 1999: (Dauphine Libere, kronoigoera) 57:34 Wladimir Belli.
8. 2004: (Dauphine LIbere, kronoigoera) 57:39 Juan Miguel Mercado.
9. 1999: (Dauphine LIbere, kronoigoera) 57:42 Joseba Beloki.
10. 2004: (Dauphine LIbere, kronoigoera) 57:49 Lance Armstrong.
2004az geroztik Tourra hiru aldiz bukatu da Mont Ventouxen, eta 2009koa izan zen igoerarik azkarrena. Azken-aurreko etapan igo zuten orduan, eta Alberto Contador Tour haren garaileak 58 minutu eta 45 segundo behar izan zituen —inoizko 17. denborarik onena da—. Juanma Garate irundarrak irabazi zuen etapa, modu ikusgarrian.
Bost urte lehenago, Mayo zen ikusgarri zebilena. Aintzat hartu behar da 2003ko Tourrean onenen pare ibili zela aldapa gora, Alpe D'Huezen irabazi zuela, eta azkenean seigarren izan zela sailkapen nagusian. Dauphine Libere lasterketa Tourra baino hiru bat aste lehenago jokatu ohi da, eta urteko lasterketa nagusia irabazteko faboritoetako batzuek probaleku gisa erabili izan ohi dute. 2002an eta 2003an, esaterako, Lance Armstrong nagusitu zen, eta gero gauza bera egin zuen Tourrean. Halere, gertatu izan da Dauphinen bikain ibiltzea, eta Tourreko bigarren edo hirugarren astean pot egitea.
Dauphine Libereren 2003ko aldian Mayo bigarren izan zen nagusian, eta, horrenbestez, 2004an Ventouxeko kronoigoeran gertatu zena ikusita, orduko kroniketan hau irakur zitekeen, esaterako: «Mayok baieztatu du Armstrongen Frantziako Tourreko erregetza amaiarazteko hautagai sendoa dela». Egin kontu: kronoigoera hartan Armstrong bosgarren sailkatu zen, Mayorengandik 1.57ra. Igorreztarrak Dauphine irabazi zuen nagusitasun osoz, eta, bai, Tourra irabazteko hautagaia zirudien.
Hiru aste geroago hasi zen lasterketa, eta Mayok segituan galdu zituen aukera guztiak: hirugarren etapan, Wasquehalera bidean, erori egin zen, eta helmugan ia lau minutu galdu zituen faboritoekiko: «Egun oso tristea da gaurkoa. Urte osoa pasatu dut Tourra prestatzen. Zaila izango da podiumera igotzea», aitortu zuen. Zauri ugari eragin zizkion erorikoak. Egun batzuk geroago, ordea, Pirinioetako lehen etapan, La Mongien, Armstrongek eta Ivan Bassok erraz utzi zuten atzean, baina hondoratu ere ez zen egin. «Jada ez daukat inolako minik, erorikoa guztiz ahaztuta dago». Baina hurrengo egunean, Plateau de Beilleko etapan, 38 minutu galdu zituen helmugan. «Gaur ez nengoen, ezin nuen aurrera egin, erorikoaren ondoren ezin izan dut pedal kolpe egokia hartu», zehaztu zuen Igorrekoak. Etaparen erdialdean, bizikletatik jaitsi eta lasterketa utzi nahi izan zuen, baina Unai Etxebarriak taldekideak eta Julian Gorospek zuzendariak jarraitzera behartu zuten. «Beraiengatik jarraitu dut, lasterketa uzteak ez du ezertarako balio». Egun batzuk geroago erretiratu zen.
Mayo ez zen berriro 2003an eta 2004an emandako mailara iritsi. 2007an Saunier Duvalekin fitxatu zuen, eta Italiako Giroko etapa bat irabazi zuen, erakustaldia emanda. Tourrean 16. sailkatu zen, baina uztailaren 30ean jakinarazi zuten EPOarekin positibo eman zuela. Bi urteko zigorra ezarri zioten, eta ez zen lehiatzera itzuli.
Tom Simpson hil zen mendatea
Bedoindik gora, igoerak argi asko bereizi daitezkeen bi zati ditu. Aurrenekoan baso batean barna egiten du gora errepideak, eta zatirik tenteena da, ia hamar kilometro horietan %10 ingurukoa baita batez besteko pendiza. Chalet Reyndardetik gaineraino apur bat apaltzen da pendiza (%7,5), baina haizeak gogor putz egin dezake. Zuhaitz bakar bat ere ez duen mendi magal biluzi batean egiten du gora errepideak azkeneko bospasei kilometroetan. Hortaz, baldintza horiekin, Ventouxari aurre egiterakoan aintzat hartu behar dira bai egiten duen beroa, bai eguzkitsu ote dagoen, baita haizearen norabidea eta abiadura ere.
Hain zuzen, egun bero eta eguzkitsu batean Ventouxeko maldetan hil zen Tom Simpson txirrindulari ingelesa, 1967ko Tourrean, uztailaren 13an. Bihotzekoak jota hil zen gainetik bi kilometrora.