Txirrindularitza

Iban Mayoren bigarren kontranalisiak positibo eman du

Chatenay Malabry laborategian aztertu dute B lagina. Txirrindulariak Frantziako Tourrean eman zuen positibo, EPOagatik, eta lehen kontranalisian -Ganten egin zioten- negatibo eman zuen, abuztuan; UCIk auzitan jarri zuen emaitza. Txirrindulariak bi urteko zigorra jaso dezake.

2007ko abenduaren 19a
11:36
Entzun
Iban Mayoren (Igorre, Bizkaia; 1977) B laginaren kontranalisiak positibo eman duela jakinarazi du gaur L'Equipe Frantziako egunkariak. Lagina Chatenay Malabry (Frantzia) laborategian aztertzeko eskatu zuen Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunak (UCI) duela aste batzuk, eta hantxe egin dute froga.

Lehen kontranalisia, aldiz, Ganteko (Belgika) laborategian egin zuten, abuztuaren 20an, Chatenay Malabrykoan oporretan zeudelako, eta han negatibo eman zuen. Urriaren 22an jakin zen emaitza publikoki, eta emaitza hura auzitan jarri zuen UCIk; "Ganteko laborategiak ez du kontranalisia negatiboa denik esan, ziurtasunez positiboa dela esateko zalantzak dituela baizik".

Mayok azkeneko Frantziako Tourreko bigarren atseden egunean eman zuen positibo, uztailaren 24an, EPO sustantziarekin (eritropoietina), baina uztailaren 30ean jakinarazi zuten berria, Tourra bukatuta. Saunier Duval bere taldeak lanik eta soldatarik gabe utzi zuen berria jakin bezain pronto, kontranalisiko emaitza jakin arte.

Tourrean, A laginaren azterketa Chatenay Malabry laborategian egin zuten, Parisen. Mayorena Tourreko laugarren positiboa izan zen. Aurreko kasuak, Patrik Sinkewitz, Andrea Moreni eta Aleksandr Vinokurovenak izan ziren.

Emaitza azkenean baieztatzen bada, txirrindulariak bi urteko zigorra jasoko luke. 30 urte dituela kontuan hartuta, zail izango luke ziklista profesional bezala segitzea.

Berak hasieratik esan du ez zuela EPOa hartu, eta bere errugabetasuna aldarrikatu izan du. Tourra hasi aurretik egindako odol analisi batean ezohiko balioak eman zituen txirrindulariak, eta hori nahikoa izan zen UCIk hari zaintza berezia egiteko. "Gertutik zaintzen ari ginen txirrindularietako bat zen Mayo", esan zuen Pat McQuaid UCIko buruak, eta positiboa eman zuenean: "Harritzekoa da txirrindulari batzuek EPOaren moduko sustantziak erabiltzea, kontroletan erraz antzematen dela jakinda ere".

WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak epaitegiko auzi bat du Ganteko laborategiaren aurka, Rutger Beke triatletaren dopin kasu baten harira. Mayoren aferan laborategien arteko ereduek talka egin dutela esana du Frantziako Dopinaren Aurkako Agentziako buru Pierre Bordryk, eta Chatenay Malabrykoa "munduko onena" dela iruditzen zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.