Ibarrola eta Arizmendi dira faborito gaur, binakako trinket finalean

Bielle eta Ozafrainen aurka jokatuko dute Baionako Modernean; bi bikoteek ez dute partidarik galdu

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Esku-huskako binakako finalen asteburua da Euskal Herrian. Ezkerparetakoa bihar da, eta gaur Frantziako Federazioak antolaturiko trinketakoa jokatuko da, ohiko denez, Baionako Modernean (17:00). Patrick Ibarrolak eta Thierry Arzimendik Phillippe Bielle eta Patrick Ozafrainen aurka jokatuko dute. Txapelketako bi bikoterik onenak izan dira, partidarik galdu ez duten bakarrak; hala ere, parioak aurrenekoen aldekoak izango dira.

Bi bikoteek antzeko egitura dute: beterano handi bat inoiz binakako txapeldun izan gabeko gazte batekin. Beteranoak —eta, bide batez esanda, oso lagun onak— Ibarrola ( 39 urte) eta Ozafrain (38 urte) baxenabartarrak dira. Baliteke bietakoren batentzat azken txapelketa izatea. Trinketaren etorkizunaren zati baten jabeak, berriz: Bielle (27 urte) eta Arizmendi (30 urte). Ibarrolak eta Ozafrainek ibilbide paraleloak egin dituzte, eta bi aldiz izan dira txapeldun elkarrekin (2008 eta 2009). Atzelariak beste bitan irabazi du.

Gazteek ez dute irabazi binakako txapelik, eta gaur cicerone on bana izango dute alboan bide hori ikasteko. Arizmendi txapelketa bikaina egiten ari da: hura izan da atzelaririk onena, eta horregatik dira faborito finalean. Finalerdietan, 40-19 irabazi zieten Lanbert-Kurutxarriri. Biellek ere aukera ona du. Urteak daramatza aurrelari belaunaldi berrien ikur izaten, baina beste pauso bat falta zitzaion, eta Ozafrainekin eman du. Bankako mitoak Elite Mailatik erretiroa hartzea du buruan, baina sasoi onean dago. Finalerdietan, ondo kostata irabazi zuten Larretxea eta Jeannotsen aurka (40-35).

2. Mailakoa, Labriten

Ezkerparetan Bigarren Mailako binakako finala jokatuko da gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:00, Nitro). Aspeko bi bikotek dute txapela jokoan. Olazabalek eta Larrinagak Jaunarena eta Cecilioren aurka jokatuko dute. Jaunarena eta Cecilio dira faborito, gaurko aurkarien kontra aurretik jokaturiko bi partidak erraz irabazi zituztelako: 22-6 lehen fasean, eta 22-8 finalerdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.