TXIRRINDULARITZA. EUSKAL BIZIKLETA. OSCAR GUERRERO

«Ibilbide gogorrak mesede egiten dio gure jarduerari»

Andoni Urbistondo.
2005eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gizaseme baikorra da berez Oscar Guerrero. Agindupean duena ezagutzen du, haiek zer eman dezaketen ere bai. Horregatik, batere kexarik ez du taldeak orain arte emandako errendimenduarekin.

Euskal Herriko Itzulia zen zuen lehen erronka, Euskal Bizikleta orain. Orain arte egindakoarekin pozik?

Bai, bai, guztiz. Ez daukat inolako kexarik. Jarrera oldarkorra izan dugu beti eta tropel buruan agertu gara sarri. Bi garaipen lortu ditugu, baina hori gutxienekoa da niretzat. Taldeak oso irudi txukuna eman du: ihesaldiak, podiumera egunero, sailkapen onak itzulietan... horrek garaipenak baino gehiago saltzen du.

Kaikuk parte hartu duen lasterketa guztietan eman du zeresana. Nola lortzen da hori?

Futbola ezagun-ezaguna dela-eta, adibide argi-argi bat jarriko dut. Kaiku atzelariak, erdilariak eta aurrelariak dituen taldea da. Bizpahiru txirrindulari ditugu sailkapen nagusietarako: Serrano, Mosquera, Galparsoro. Beste batzuk bigarren mailako sailkapenak irabazten saiatzeko eta beste talde bat, ihesaldietan ahalegindu eta barrenhusteko. Horrela lortzen da arrakasta.

Erronka handia da zuentzat Euskal Bizikleta.

Oso handia. Luze egiten ari zaigu denboraldia, baina eutsi egin behar diogu orain, nola-hala. Ezin dugu konformatu. Ahal dugun probetan, uzten diguten probetan, neurria eman behar dugu. Etxean gaude.

Probak ibilbide gogorra du, baina parte-hartzea Euskal Herriko Itzulian baino apalagoa da.

Apalagoa, bai, baina ona. Ibilbidea Itzulikoa baino askoz gogorragoa da eta horrek mesede egin diezaioke gure jarduteko moduari.

Espainiako Vueltako gonbidapena airean dago. Euskal Bizikletako emaitza lagungarriak izan liteke?

Beno, bai, baina orain arte gure maila sobera erakutsi dugula uste dut. Gonbidapena ez ematea kolpe handia litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.