Ibilian-ibilian ikasten da oinez

Osasunak eta Athleticek aurreko denboraldian osatutako taldeen oinarriei eusten diete, eta alde daukate hori. Baina ezin dira harrotu, ez behintzat lehen helburua lortu arte: mailari eustea

ASIER LEGARDA-EREñO HARITZ GALLASTEGI
2008ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Ume txikiak lehen pausoak eman orduko pentsatzen du oinez dakiela, eta hurrengoan, konfiantza betez abiatzen da. Sekulako kolpea hartzen du. Ibilian-ibilian ikasten delako oinez. Osasuna eta Athletic umearen egoera berean daude. Aurreko denboraldiko taldeen oinarriei eutsi izanak konfiantza eman die. Ematekoa da, baina horrek ez du esan nahi bihar hasiko den ligan sekulakoak egingo dituztenik. Poliki-poliki ibili beharko dute, ez erortzeko, eta poliki ibiltzea mailari eustea da. Horixe da lehen helburua. Gero-gerokoak.

Osasuna Iazko estutasunak saihestera

Iragan sasoian aldaketa asko izan zituen Osasunak. UEFAko finalerdietaraino sailkatu taldeko jokalaririk onenek aldegin zuten eskaintza ugari jaso ostean, eta hamaika jokalari fitxatu beharrean izan zen Osasuna sasoi berrirako. Egindako denboraldi eskasaren arrazoitzat ere erabili zuten entrenatzaileek eta teknikariek aldaketa ugarien afera. Eta egia da, jokalariek denbora behar izaten dute talde batera egokitzeko. Pentsatzekoa da Plasil edota Dady jokalariek, besteak beste, sasoi honetan iragandakoan baino itxura hobea emango dutela. Hobeto ezagutzen dituzte taldekideak, hobeto ezagutzen dute entrenatzailea, hobeto ezagutzen dute zelaia, eta, azken finean, Iruñera ere egokituta behar dute honezkero. 2008-09ko denboraldirako ere fitxaketa askotxo egin ditu Iruñeko klubak, dena dela: Roberto, Roversio, Massoud, Tiago, Vadocz eta Sunny Osasunara egokitu beharrean izango dira; Ezkerrorentzat errazagoa izango da, aspaldi izanagatik lehen ere Osasunan ibilia delako. Hala eta guztiz ere, iragan sasoiko blokeari eustea eta fitxaketa berriek hasieratik ekarpena egitea da Jose Angel Ziganda entrenatzailearen nahia. Aurten ere iritsi berrien egokitzapenak eragin zuzena izango du, zalantzarik gabe, taldearen azken emaitzan.

Iragan sasoikoarekin alderatuz gero, ordea, aldaketa samurragoa izan du Osasunak uda honetan. Zigandak ere badaki hori. «Hasierako hamaikakoetan ohikoak ziren zortzi jokalarik aldegiteak ez du zerikusirik sasoi honetakoarekin. Aldaketa asko izan dira uda honetan ere, baina taldea indartzera datoz berriak, ez taldea guztiz itxuraldatzera», esan zuen Larraintzarko entrenatzaileak iragan astelehenean Taxoaren.

Taldearen lerro guztietan izan dira aldaketak. Atezain posturako Roberto espainiarra fitxatu dute nafarrek, esaterako. Atzealdean ere bi berri badira: Roversio erdiko atzelari brasildarra, eta Tiago Gomes ezker hegaleko atzelari portugaldarra. Zelai erdian hiru dira berriak: Sunny nigeriar gaztea (espainiar herritartasuna ere badu) Valentziak utzita iritsi da, euskarri postua indartzeko; Vadocz hungariarrak ere postu berean jokatzen du, eta Massoud Shojaei irandarra erdilari aurreratuenaren lana egiteko fitxatu dute (denboraldi-aurrean nabarmendu egin da). Aurrealderako aurrelari peto-petorik ez du lotu Osasunak, baina Santi Ezkerroren lehia izango dute orain aurrelariek.

Iragan sasoian izen ezagunen alde egin zuen Osasunak: Hugo Viana, Plasil, Vela, Portillo eta Pandiani ez ziren ezezagunak, esaterako. Portillok eta Pandianik, adibidez, golak ziurtatzen zituztela zirudien. Baina usteak erdia ustel. Izenek ez dute ezer ziurtatzen, eta azken denboraldietan Osasunak egin fitxaketarik onenetako bat Javad Nekunam irandar ezezaguna izan dela aintzat hartuz gero (iragan sasoi osoa lesio baten erruz galdu ostean, fitxaketarik onena Nekunam berriro itzultzea dela dioenik ere bada klubean), fitxaketa exotikoen aldeko apustua egin du berriz Juanjo Lorenzok zuzentzen duen idazkaritza teknikoak. Roversio, Tiago, Vadocz eta Massoud erabat ezezagunak dira osasunazaleentzat, eta ikusteko dago nola egokituko diren taldera eta Espainiako Ligara. Sunny eta Roberto ere ez dituzte askorik ikusi, batik bat Bigarren Mailan egindako lan onari esker iritsi baitzaie Osasunaren eskaintza. Teorian apustu seguru bakarra Ezkerrorena da, baina errioxarrak ere zalantzak eragiten ditu, Bartzelonan egin dituen hiru urteetan jokatu duen apurra aintzat hartuz gero.

Kasurik bitxiena Iñaki Astizena izan da, dena dela. Poloniako Legia taldean denboraldi bikaina egin ostean itzuli zen udan Osasunara, eta hiru urterako kontratuberria egin zioten, gainera. Horregatik, aste honetan bertan berriro ere Jan Urbanek zuzentzen duen taldera itzuliko dela jakinarazi du klubak. Oraingoan ez doa utzita, gainera. Jokalaria Varsoviako Legiako jokalaria da jada, nahiz eta Osasunak hurrengo bi urteetan erdiko atzelari gaztea berreskuratzeko aukera izan. Teorian Roversiok eta Miguel Flañok hasiko dute denboraldia erdiko atzelari lanetan, eta Krutxaga eta Josetxo izango dira ordezkoak. Astizek zain jarraitu beharko du egunen batean bere bihotzeko klubarekin debutatu nahi badu. Eta adi, baliteke Astiz ez izatea kluba uzten azkena: Pandiani ez du aintzat hartzen Zigandak, eta aurrelari uruguaitarraren ordezkaria lanean ari da golegile beteranoa Ingalaterra aldera eramateko asmoz.

Aldaketak aldaketa, iragan sasoiko estutasunak saihestea da nafarren helburu bakarra sasoi honetarako. Aurreko denboraldietako lorpenek helburu handiagoetara ohituta zeuzkaten zaleak, baina une honetan denek argi dute Lehen Mailan jarraitzea dela benetako helburua. Iragan sasoiko azken partidaren azken minutuan lortu zuen salbazioa Osasunak Santanderren, eta hori ez du inork ahazten Iruñean. Liga ondo hasten ez badute, Zigandak ere nabarituko du iragan sasoiko emaitzek eragin zuten kritiken itzala. asier legarda-ereño

Athletic Argiak, iluna eta publizitatea

Athleticek Almeriaren aurka ekingo dio Fernando Garcia Makua eta Joaquin Caparros buru dituen proiektuaren bigarren sasoiari. Lehen denboraldia ez zen txarra izan. Amaiera ona izan zuen behintzat. Denboraldiaren lehen bi herenetan asko sufritu ondoren, txapelketaren azken txanpan gozatzeko aukera izan zuten jokalari eta zaleek. Athleticek puntu asko irabazi zituen eta estutasun barik amaitu zuen Liga. Lasai, aspaldiko partez.

Hala ere, Athleticek ez zuen inor liluratu. Ez da goi mailako taldea, eta entrenatzaileak proposatzen duen jokoa ere ez da jarraitzaileak erakarriko dituen futbola. Defentsako lanean oinarritutako talde lana egitea nahi du Caparrosek. Jokatzeko modu aproposa izan daiteke goreneko mailan lehiatzeko talentu handirik ez duen talde batentzat. Joan den sasoian asmatu egin zuen. Athletic ez zen aurkari erosoa izan. Defentsako lanean txukun aritu zen. Baina talde sendoa izateko beste pauso bat eman behar zuela ikusi zen. Ez zen talde orekatua izan. Erasoan, batez ere San Mamesen, arazo handiak izan zituen.

Astea bukatu aurretik hasiko den sasoirako erronka zein zen argi zegoen, beraz. Athleticek ez du aurrera egin, ordea. Denboraldi-aurrean erasoan gabeziak dituela erakutsi du. Hori gutxi balitz bezala, azken norgehiagoketan defentsan ikasitakoa ahaztu egin duela dirudi. Azken denboraldietan makina bat aldiz erakutsitako joko kaskarra egin du talde zuri-gorriak. Bigarren Mailara jaisteko hautagaien artean dauden taldeek egiten duten jokoa, hain zuzen ere. Makal erasoan zein defentsak.

Azken emaitzek kezka sortu dute zaleen artean. Jarraitzaileak ezkor dira, eta ez dute ulertzen nola alda daitekeen taldea horren denbora gutxian. Izan ere, uztailean jokatutako lagunartekoetan baikor egoteko arrazoiak eman zituen Caparrosen taldeak. Talde itxura eman zuen eta emaitza onak eskuratu zituen.

Denbora gutxian izan duen beherakadaren arrazoiak aztertzeko orduan, era guztietako teoriak azaleratu dira: probak egiteko erabiltzen diren partidetan edozer gauza gerta daitekeela diote batzuek, lan saioetako lanak eragindako nekeak eragina izan duela argudiatu dute beste batzuek. Era guztietako arrazoiak entzun dira, baina pisu handien hartu duen teoria denboraldi-aurrearen planifikazioan egon daiteke. Guztira hamabost partida jokatu ditu. Jokalariek denbora gehiago egin dute hegazkin batetik bestera zelaian baino. Jokalariek kokoteraino bukatu dute. Bestalde, Caparrosek jokalari batzuekin izan duen jarrera ere ez da futbolarien gustukoa izan. Ia talde guztia alde batetik bestera zebilenean dozena erdi jokalari Lezaman bakarrik entrenatzen utzi izana ez dute begi onez ikusi. Ez da taldea batzeko era aproposena. Hori gutxi balitz bezala, jokalariek ez dute oso ondo ulertu Aduriz saldu izana. Athleticek diru falta duelako saldu omen du Aduriz. Beraz, historian lehen aldiz publizitatea jartzeak ere --Eusko Jaurlaritzak UEFAko kanporaketetan jarri zuena alde batera utzita-- ez du talde zuri-gorriaren zuloa tapatzen lagunduko. Petronor enpresak izango du ohore hori.

Denboraldi-aurreko azken emaitzek ez dute ilusioa sortu, ez eta taldearen egiturak ere. Gehienetan gertatzen den legez, Athleticek fitxaketa gutxi egin ditu. Joseba del Olmo eta Iñigo Velez de Mendizabal dira aurpegi berriak. Bi fitxaketei utzita egon diren Jon Velezen eta Iñaki Lafuenteren itzulera gehitu behar zaie. Laurek lagunduko dute, baina ez dute taldearen maila nabarmen hobetuko.

San Mames gaina laino beltzez beteta dagoela dirudi, baina baikor egoteko arrazoiak ere badaude. Batetik, jokalari gazteak izan ziren joan den sasoian gehien nabarmendu ziren futbolariak. Beraz, aro berri baten aurrean egon daiteke talde zuri-gorria: Fernando Llorentek sekulako aukera dauka erdiko aurrelari garrantzitsua izan daitekeela erakusteko. Errioxarrarekin batera, Susaeta, Javi Martinez eta Amorebieta nabarmendu behar dira. Eurak dira etorkizuneko Athleticen bizkarrezurra. Halaber, Iturraspe gazteak ere aukerak izango dituela ematen du. Futbolerako dohain bikainak dituen futbolaria dela uste dute Lezamako teknikariek.

Bestetik, lesioak tarteko, joan den sasoian taldea laguntzeko aukera gutxi izan zuten futbolarien ekarpenaren zain daude zaleak: Iraizozek, Yestek eta Orbaizek gainerako taldekideekin egin dute denboraldi-aurrea. Euren mailarik onena berreskuratzen badute, Athletic askoz talde lehiakorragoa izango da. Hala ere, ez zaio asko eskatu behar. Mailari eusteko taldea da. Hortik aurrerako lorpen guztiak saritzat hartu behar dira.haritz gallastegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.