Ibiltariaren urratsik sendoena

Carlos Velaren jokoa ez da inoiz izan egun bezain iraunkorra. Bizkorra eta fina berez, helduago eta egonkorrago dabil behingoz. Haren lorratzak nabarmenak dira Realaren gorako bidean.

Carlos Vela, Ligako azken jardunaldian Zaragozari sartu zion gola ospatzen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Mexikoko futbol selekzioa ez da inoiz gai izan final-laurdenetako langa zeharkatzeko Munduko Kopa batean. Haatik, bere zaleen jokabidea garai batean baino grinatsuagoa da azkenaldian, gazte mailetan lortutako arrakasten ondorioz. Iaz 17 urtez azpikoen Munduko Kopa irabazi zuen Mexikok. Zazpi urte lehenago, Perun, txapelketa berberak jarri zuen goian Giovanni Dos Santosek (Tottenham), Hector Morenok (Espanyol), Efrain Juarezek (Zaragoza) eta Carlos Velak (Cancun, Mexiko, 1989) gidatutako belaunaldia. Realeko jokalaria txapelketako golegilerik onena izan zen, gainera.

Etorkizunez gainezka, Europako talde ospetsuenen begiraleek txosten interesgarriak osatu zituzten gazte horien ahalmenak nabarmenduz. Horietako bat izan zen Steve Rowly, Arsenaleko zelatarien burua. Hark Arsene Wenger bere ugazaba jarri zuen Velaren arrastoan. Londresko taldea betiko gaztetasunean bizi denez, Chivasi lau milioi euro mahai gainean jarri eta gero eman zion bostekoa. Orduantxe hasi zen Velaren ibili geldiezina Europan,16 urte eskas zituelarik.

Hastapen horrek badu parekotasunik haren lagun min Cesc Fabregasek profesionaltasunerantz emaniko lehen pausoekin. Realeko aurrelaria ezagun egin zen txapelketa berean harrotu zituen hautsak kataluniarrak bi urte lehenago, Finlandian. Urrezko domina kolkoratzearekin batera, jokalaririk onena eta golegilerik nagusiaren sariak etxeratu zituen. Arsenal mugitu zen beste behin ere bere lehiakideak baino bizkorrago erdilaria bereganatzeko lasterketan. Cescek, Velaren aldean, sobera bete ditu haren inguruan zeuden aurreikuspenak.

Ingalaterrako immigrazio legeek ez zioten mesederik egin Velari. Nola joka zezakeen 17 urtez azpiko Munduko Kopako golegilerik onenak Salamanca Bigarren Mailako taldean? Atzerrian lan egiteko baimena jasotzeko. Arsenalek, Vela fitxatu zuenean, Celtari utzi behar izan zion bost urterako —lankidetza harremanak zituzten bi talde horiek—, ezin baitzuen jokatu Ingalaterran. Izan ere, Europako Batasuneko agiririk ezean, bi baldintza bete behar dituzte adingabeko futbolariek: batetik, azken txapelketa entzutetsuan haren herrialdeko taldeak jokatutako neurketen hiru laurdenetan parte hartzea. Bestetik, dagokion selekzioa Nazioarteko Federazioak (FIFA) osaturiko zerrendan aurreneko 70 selekzioen artean egotea. Horregatik jo izan dute Ingalaterrako atzerritar askok Espainiako Ligara. Garai hartan Celtako kirol idazkaria zenak Felix Carnerok garbi azaldu zuen. «Han ezin direnez egon, Espainiara etortzen dira dokumentuak zuzendu eta futbolean aritzera. Bi taldeak ateratzen gara irabazten. Guk ez diegu sosik ordaintzen, eta jokalariaren garapenak ez du etenik». Horregatik, hain zuzen ere, jokatu zuen Mark Gonzalez txiletarrak Realean, txuri-urdinek baino ahalmen ekonomiko handiagoko taldeak Liverpoolekin hartu-emanetan jarri arren.

Edonola ere, Celta eta Vela bananduta bizi izan ziren. Mexikarra iritsi zenerako, jada hiru atzerritar ari ziren berdegunean jokatzen, eta harrobiko taldean ere ezin izan zen egon, Bigarren B Mailan ezin dezaketelako atzerritarrek parte hartu.

Salamancaren ostean, Osasuna, Arsenal eta West Bromwich Albionen elastikoak jantzi ditu lau urtean. Ezegonkortasun horrek eragin zuzena izan zuen haren joko gorabeheratsuan Donostiara iritsi aurretik.

Bere burua aldarrikatu du

Haren fidagarritasunaren inguruan zalantzak zeudela hasi zen lanean Zubietan, baina berehala liluratu zituen Philippe Montanier eta taldekideak. Gehienbat, Antoine Griezmann. Ederki asko moldatzen dira lehen egunetik. Egonkortasun bila etorri da Donostiara Vela. Eta lortu du. Malagari sartu zion gol ikusgarria izan zuen abiapuntu. Ordu arte eskas samar aritu bazen, erabakigarria da egun. Vela onenarekin edo gabe, bestelako dimentsioa baitu Realak. Zenbakiek agerian uzten dute haren jokoaren hazkunde eta garrantzia: azken hamalau partidetan 21 gol sartu ditu taldeak, eta erdia baino gehiagotan zerikusi zuzena izan du mexikarrak. Bost gol eta sei asistentzia da haren ekarpen mamitsua. Ezohiko estatistikak dira beheko postuetatik ihes egin nahian dabilen talde batean aritzeko. San Mamesen, derbian, ere bera izan zen onena, eta Zaragozaren aurka bigarren gola sartu zuen.

Arsenalerako zetorren, baina Donostian ari da, eta agintari txuri-urdinek luzatu egin nahi dute Velaren egonaldia. Londresko taldeak dirua behar duenez, eseri egingo dira ziurrenik negoziatzera. Trukean zenbat eskuratuko izango da operazioaren giltza. Futbolariaren nahia aldeko izango dute gutxienez Realeko agintariek, mexikarrak behin baino gehiagotan adierazi baitu Donostian jarraitzeko gogoa. Ibiltaria ibiltzeaz nekatu da, futbolari izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.