Patxi Izkok (ZIzur, 1946) gaur goizean esan du, modu ofizialean, Osasunako presidente kargua utziko duela denboraldi honen amaieran. Hamar urte daramatza karguan eta, "aro bat bukatu" dela iritzita, "ideia eta proiektu berriei lekua uzteko" joango da, adierazi duenez. Apirilaren 24an irrati kate batean aurreratu zuen kargua lagako duela, eta gaur prentsaurrekoa eman du, Iruñean. Agerraldian ondoan izan ditu Osasunako hainbat kide.
"Bihotzak soilik aginduko balit, segitu egingo nuke. Gainera, jarraitzeko animatzen nauten arrazoi batzuk ere badira. Baina buruak esaten dit aro bat amaitu dela", esan du Izkok.
Osasunara iristean "hiru helburu handi" zeuzkala azaldu du: "Erakundeekin harremana berreskuratzea, taldea [Espainiako] Lehen Mailan egonkortzea, eta ondasun eta finantza aldetik egoera bideratzea. Lehen biak bete dira. Hirugarren helburuari dagokionez, klub gutxik dute Osasunak egun daukan ondasuna. Finantza egoeraren arantza geratzen zait; Osasunari Lehen Mailan eustea oso garestia da eta defizita eragiten du. Etorkizuna oso zaila dago, baina ez noa horregatik".
Legealdia bukatu gabe lagako du postua. Osasunak oraindik ez du jakinarazi zeinek ordezkatuko duen.
Izkorekin taldea 2005ean Espainiako Kopako txapeldunorde izan zen, 2006an Txapeldunen Liga jokatzeko postuetan sailkatu zen —txapelketan izateko kanporaketa fasean kalean geratu zen—, 2007an UEFAko finalerdietara heldu zen eta berekin Osasuna beti Lehen Mailan egon da. 2005ean estadioari izena aldatu zion, Nafarroako Gobernuarekin akordio ekonomiko batera iritsita: 'Sadar'-en partez 'Nafarroako Erresuma' izena jarri zioten.
Gaurko agerraldian irakurri duen idatzia (gazteleraz dago).