Igandean jokatuko da finala, Aimar Olaizolak esan baitu «hobeto» sentitu dela

Arazorik gabe osatu du ordu eta laurdeneko lan saioa, baina oraindik hatzak «min apur bat» ematen diola aitortu du

Aimar Olaizola, sakea ateratzen, joan den astean Bizkaia pilotalekuan egindako entrenamenduan. JON HERNAEZ / ARP.
jon eskudero
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Joan den asteartetik pilotarik ukitu gabe nengoen, eta orduan baino askoz hobeto sentitu naiz. Beldurra alde batera utzi dut, baina oraindik erabat osatu gabe nago, eta igandera bitarte hori lortzea espero dut». Argi eta garbi hitz egin zuen Aimar Olaizolak atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, ordu eta laurdeneko lan saioaren ondoren. Ezker eskuko hatzeko lesioak hobekuntza nabarmena izan du, eta aparteko arazorik gabe aritu zen Mikel Urrutikoetxea enpresako kidearekin batera, Jose Angel Balanza Gorostiza teknikariaren begiradapean. Mota guztietako ariketak egin zituen, sakeak errestatu barne, eta finala igandean jokatzeko prest dago. Gauzak hala, ez luke atzerapen gehiagorik izan beharko lau t'erdiko finalak.

Oinatz Bengoetxearekin aritu zen Olaizola II.a atzo zortzi Miribillako pilotalekuko kantxan, eta orduan ez bezala, pilota «beldurrik gabe» jotzen duela aitortu zuen atzo: «Partida batean izaten diren antzeko sentipenak eduki ditut. Hatzean min pixka bat eduki arren, normal errestatu ditut sakeak, eta horrek konfiantza handia ematen dit». Hatza erabat osatuta edukitzea bezain garrantzitsua da konfiantza edukitzea. Beldurrak okerrak baititu ondorio.

Irujoren eta Olaizola II.aren arteko lehiak erritmo izugarrian jokatutakoak izan ohi dira, eta pilota abiadura handian datorrenean beharrezkoa da eskua ondo edukitzea. «Hatzerako hainbat babesgarri probatu ditut, eta jada erabaki dut, gaur erabilitakoarekin jokatuko dut». Babesgarri bakoitzarekin ezberdin irteten da pilota eskutik. Fisikoki fin egotea ere garrantzitsua izango da. Partida orekatua eta gogorra izatea espero da, eta hauspoak berebiziko garrantzia izango du. «Astebete honetan ez dut ezer egin, eta gaur nahi baino lehenago nekatu naiz. Ea igandera bitarte hobetzeko aukera izaten dudan».

Ez ditu momentu errazak izan Olaizola II.ak. Aita hil berria du, eta finala bigarren maila batean eduki du azken astebetean. «Azken egunotan oso lo gutxi eginda nago. Gertatu diren gauzekin ez dut horretarako aukerarik izan, eta zaila izango den arren, atseden hartzen saiatuko naiz hemendik aurrera». Txapel asko irabazitakoa da goizuetarra, baina igandekoak «ilusio handia» egingo lioke.

Pilotak ostegunean aukeratuko dituzte, 12:00etan, eta Olaizola II.ari igandea baino lehen beste lan saio bat egitea gustatuko litzaioke. «Kantxan beste behinentrenatu nahiko nuke, finalera sentipen onekin iristeko». Litekeena da bihar bertan itzultzea pilotalekura. Gaur, berriz, Juan Martinez de Irujo entrenatuko da pilotalekuan. Laugarren saioa izango da finalaren zain. Tartean, bi partida ere jokatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.