Iganderako deialdian sartzeko itxaropena du David Zurutuzak

Realeko erdilariak adierazi du «oso ondo» dagoela eta irrikan dagoela berriro zelaian aritzeko

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Ez dakizue zenbateko gogoa daukadan jokatzen hasteko, bi hilabete eta erdi geldirik igaro ondoren». David Zurutuza Realeko jokalariarenak dira hitzak. Atzokoak. Denboraldi honetan, erdilariak ez du aukerarik izan, oraindik, batere jokatzeko, anemiak jota egon delako. «Baina gustura aritu nintzen Osasunaren aurka, nahiz eta zehatz-mehatz ez dakidan bete-betean nagoen. Baldintzak ere ez ziren oso onak izan, bero handia egiten zuelako, baina ondo sentitu nintzen». Jokatu edo ez entrenatzaileak erabaki beharko duela argitu zuen, hala ere, Zurutuzak. «Baina hiru aste daramatzat taldekideekin lanean, prest nago, eta espero dut hemezortzi jokalariko deialdian sartzea».

Kirol arloari dagokionez, lehen bederatzi puntuetatik hiru eskuratuta, ukatu egin zuen jokalariek presioa nabaritzen dutela. «Liga hasi besterik ez da egin, eta oraindik ez diogu begiratzen sailkapenari». Igandean jokatuko du Realak Zaragozaren aurka, 19:50ean. «Aurreko denboraldian nahiko partida erraza izan zen, haien egoerak eraginda 3-0 irabazi genuelako. Baina igande honetakoa ez da partida erraza izango». Etxetik kanpoko emaitza kaskarren inguruan, etxean bezain «alai eta indartsu» jokatzea gustatuko litzaiokeela argitu zuen erdilariariak.

Cadamuro, min hartuta

Liassine Cadamurorentzat ere ez da samurra izaten ari denboraldi hasiera. Ligan jokatu ezinik dabil, eta orkatilan min hartuta itzuli da Argeliarekin jokatu berri duen partidatik. «Bizpahiru aste beharko ditut osatzeko. Kolpe handia hartu nuen, eta aldagelan geratu nintzen atsedenaldian, ezin nuelako jarraitu». Aljeriako egunkari batek, joan den astean, kaleratu zuen Cadamurok liskar handi samarra izan zuela Philippe Montanier eta Jokin Aperribayrekin. «Hona iristean jakin dut albistea. Denek bezala, gehiago jokatu nahi nuela besterik ez nion esan, baina harena da erabakia. Entrenamenduetan den-dena ematea dagokit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.