Olympiakos. Spanulis (16), Mantzaris, Papanikolau (5), Antic (9), Dorsey (7) —hasierako bostekoa—; Hynes (6), Law (4), Perperoglu (14), Slukas (6), Printezis (17) eta Mavroeidis (1).
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (6), Oleson (13), San Emeterio (11), Nemanja Bjelica (11), Lampe (18) —hasierako bostekoa—; Nocioni (11), Cabezas (9), Causeur (2) eta Hernandez Sonseca.
Markagailua. 18-23, 48-37 (atsedenaldian); 65-66 eta 85-81.
Epaileak. Lamonica, Viator eta Rutesic. N. Bjelica kanporatu zuten.
Bestelakoak. 8.000 ikusle Atenasko Bake eta Laguntasunaren pabiloian.
Oso zaila zen irabaztea, ezinezkoa ez esatearren, eta ez zen posible izan, baina porrotak badu alde ona: Baskoniak nahiko txukun jokatu zuela, eta Olympiakosek baino askoz baliabide gutxiagorekin aurpegia eman eta garaipenaren jokoan egon zela partida bukatu arte. Lan ona egin bai, baina uztarik bildu ez. Alegia, ibai edo itsaso erdian galduta dagoenak bezala, ertzera iristeko igeri egin, itotzeko. Zergatik? Barkaezinak diren akats txiki batzuengatik eta Olympiakosek hiruko lerrotik erakutsitako eraginkortasunagatik.
Akatsekin hasita, joko antolatzaileen irizpide falta. Cabezasek eta Heurtelek saskiratze garrantzitsuak lortu zituzten unean-unean, baina sarri itsuen pare aritu ziren, argitasuna ikusi ezinik. Ondorioa, jokaldiak beraiek bukatu behar izan zituztela, azken segundoetan, eta halakoetan emaitza ez da ona izaten. Heurteli eskarmentua eta joko antolatzaileengan ohikoa den buruargitasuna falta du erabaki zuzenak hartzeko, eta usu buruz buruko jokaldien alde egiten du jokaldi landua egin baino. Atenasen, atzo, bost asistentzia eman zituen, baina bost baloi eman, horietako pare bat une erabakigarrietan, Baskoniak aurretik hartzeko aukera zuenean. Cabezasek 13 puntuko balorazioa lortu zuen, eta bukaerako lehen laurdenean ondo jokatu zuen, baina 13 minutu bakarrik jokatu zuen, Ivanovicek beragan duen konfiantza eskasaren seinale.
Talde mailako oker gisa azaldu behar dira laguntzen defentsan egindakoak, baina errudunek izen eta abizenak dituzte: blokeoa eta jarraipena zaindu behar zuten jokalariak. Batzuetan Lampe eta Oleson, bestetan Nemanja Bjelica eta Heurtel, edo hurrena Causeur eta Nocioni, ezinean aritu zinen Spanulisekin, haren jardunak sekreturik ez badu ere. Spanulisek etekin handia atera zuen, eta sei asistentzia on eman. Horietako askok Perperoglu eta Printezis hegalekoen eskuetan bukatu zuten, eta bi horiek bakar-bakarrik jaurti zuten hiruko marratik. Portzentaje bikainekin, jakina, entrenamenduetako jaurtiketak baitziren.
Olympiakosek portzentaje bikaina izan zuen hirukoetan —%57— eta asko jokaldi bukaeretan etorri ziren, min handia egiten dutenean. 11 hiruko izan ziren denera. Hiru sartu zituen Printezisek, eta bina Spanulis, Perperoglu eta Slokasek. Bikoetan ere %52 asmatu zuen jarduneko txapeldunak, eta horrek argi erakusten du Baskoniaren defentsa epela izan zela. Olympiakosek talde ona du, baina gutxitan sartuko ditu hainbeste puntu ustez talde handia denaren aurka.
Baskoniak taldeek sasoi hasieran erakutsi ohi dituzten gorabeherak erakutsi zituen. Bizpahiru minutu on, bizpahiru txar. Haserako 8-3kotik 18-25 eta 20-28kora pasa zen markagailua, Nocionik bultzatuta. Patxadaz aritzeko unea zen, baina ezin. Etxekoek 30 puntu sartu zituzten bigarren hamar minutukoan, eta alde politarekin joan aldagelara: 48-37. 11 puntuko kontrako errenta, non eta Grezian.
Lampe berandu esnatu zen
Kantxara buelta arabarrena izan zen erabat. Olesonek hiru puntuko bi jokaldi gauzatu zituen bata bestearen atzetik, eta San Emeterio eta Nocioniren bi hirukok partidan sartu zuten Ivanovicen taldea. Hortik aurrera kolpeka aritu ziren bi taldeak. Hartu eta eman, eman eta hartu, eta egoera horretan Lampek hartu zuen erantzukizuna. Poloniarra galduta ibili zen lehen zatian, fisikoki mugatuta, baina 14 puntu lortu bigarren zatian, Dorsey eta Antic erotuz.
Puntu bat gora, bi behera, zirt edo zart egin behar zen arte. Orduan Anticek 80-74koa jarri zuen, zorte apur batekin, eta akabo, belaunikatu egin zen Baskonia.
Olympiakos 85. Caja Laboral Baskonia 81
Igeri egin, itotzeko
Baskoniak duintasunez eman du amore Atenasen, eta legez menperatu du Olympiakosek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu