Athleticek eta Sportingek ilusioz gainezka hartu zuten ligako igogailua. Nork bere helburua izan arren, lehen jardunalditik gorako bidea hartzea zen bi taldeen xedea. Baina egun ez da batere samurra emaitza onak eskuratzea. Parekotasun handia dago eta ia edozein taldek har lezake mendean beste bat. Txarto ekin zioten denboraldiari bi taldeek. Gora egin beharrean, beherako bidea hartu zuen igogailuak. Zulorako bidea, alegia. Gehienetan asko kostatzen da ilunpetik bueltatzea. Baina gaur Molinonen elkarren aurka ariko diren bi taldeek azkar egin dute gora.
Sportingek azken bi neurketetan eskuratutako sei puntuei esker lortu du jaisteko postuetatik ateratzea. Manolo Preciado kolokan zegoen, eta beste mirari txiki bat egin du. Talde mugatu batekin eta presiopean jokatuta, jokalarien onena ateratzeko gai izan da. Ondo dakite hori Granadak eta Mallorcak. Hasiera gaitzaren ostean, konfiantzaz gainezka zelairatuko dira etxekoak.
Athleticek ere aurkariaren antzeko ibilbidea egin du. Txapelketako lehen jardunaldiak dudaz jositakoak izan ziren. Lehoiek ez zuten behar den moduan funtzionatzen, eta batek baino gehiagok pentsatu zuen Marcelo Bielsaren proiektua iraupen laburrekoa izango zela. Baina lana ganoraz eta gogoz egiten denean ereindakoa jasotzea izaten da normalena. Eta apurka-apurka igogailuak goiko postuetara eraman du talde zuri-gorria. Horretarako, jokoan egon diren azken hamabost puntuetatik hamaika batu behar izan ditu. Orain, Europako postuak gertuago daude infernukoak baino. Hala ere, ez da komeni lo hartzea. Eta, batez ere, alde batera utzi behar dira harrokeriak. «Apalak izan behar dugu eta errespetuz egin behar diogu aurre Sportingi», esan zuen Ander Herrerak, «baina azken jardunaldietan bezala jokatzen badugu, irabazteko aukera izango dugu».
Jakinekoa da Molinon gustuko zelaia dela zuri-gorrientzat. Arrazoi batzuk edo beste tarteko, talde guztiek dituzte gisa horretako zelaiak. Pardidak errazago irabazten direnak, alegia. Athleticentzat Molinon da horietako bat. Baina horrek ez du ezer bermatzen. Galde diezaiotela bestela Atletico Madrili. Osteguneko partidaren aurretik lautan irabazia zen azken bost bisitetan, baina ligako azken jardunaldian jipoituta utzi zuen Katedrala.
Amorebieta eta Martinez
Aurkariak kezka sortu behar dio Athletici. Baina baita aldagela barruan daukanak ere. Izan ere, Athleticek garesti ordaindu du azken garaipenaren saria. Taldeko bizkarrezurra kili-kolo utzi du San Mameseko partidak. Amorebietak eta Javi Martinezek giharretako arazoekin utzi zuten norgehiagoka. Zorte txarra ala gehiegi behartutako jokalariak? Inork ez daki. Kontua da nekez ordezka daitezkeela halako jokalari bi batera. Gaurkoa da Bielsak Gurpegiren falta sumatuko duen lehen eguna. Pentsatzekoa da San Jose eta Herrera izango direla hutsuneak betetzeko aukeratuak. Erasoan, berriz, Llorenteren parte hartzea dago kolokan. Dagoeneko jakinekoa da Athleticen ez dagoela hura nola edo hala ordezka dezakeenik.
Igogailuan gora
Athletic eta Sporting buelta ematen ari zaizkio hasiera txarrari. Bielsak jokalari garrantzitsuak faltako ditu gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu