Igor Anton: «Madrilen elastiko gorria soinean izateko aukera dut»

Romain Sicard Chateauroux klasikoan itzuliko da, bost hilabetez min hartuta egon ondoren

2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Hilaren 20an hasiko da Espainiako Vuelta, eta hor korritzeko irrikan dagoela esan zuen atzo Igor Antonek, batez ere faboritoen artean ikusten duelako bere burua. «Dena ematera noa Vueltara, gainera, Madrilen elastiko gorria soinean izateko aukera dut. Aurtengoan garrantzitsua izango da Asturiasen izango diren igoerak; ziurrenik han erabakiko da», esan zuen bizkaitarrak. Iaz garaipena lortzeko zorian egon zen, baina eroriko batek, lasterketatik kanpo utzi zuen.

Benidormeko erlojupekoari begira dago Euskaltel-Euskadi, eta hasi dira entrenatzen. Igor Gonzalez de Galdeano taldeko zuzendariak atzo esan zuenez, parte hartuko duten bederatzi txirrindulariak gogotsu daude lanari ekiteko, baina batez ere Igor Anton. Izan ere, zuzendariaren iritziz, harentzako ibilbide egokia da. Euskaltel taldekoak ez dira izango Euskal Herritar bakarrak, Sky taldeak, Xabier Zandio irteeran izango dela jakinarazi zuelako atzo. Movistarrek, aldiz, Imanol Erbiti, Txente Garcia Acosta, David Lopez eta Beñat Intxausti eraman nahi ditu. Azken horrek Burgosko Itzulian min hartu zuen, eta oraindik ez dago argi Espainiako Vueltan parte hartuko duen ala ez.

Euskaltel-Euskadi taldeak, bestalde, Romain Sicard gaztea, aurki itzuliko dela jakinarazi du. Bost hilabete egin ditu min harturik, eta hilaren 21ean itzuliko da Frantziako Chateauroux Klasikoan. Bere azken lasterketa, martxoaren 27an izan zen, Kataluniako Voltako zazpigarren etapa. Gogotsu dago baionarra. «Badakit ez naizela nire onenean egongo, baina txirrindulari izan nahi dut berriz. Lasterketa hauetan erritmoa hartu nahi dut, 2012an indartsuago izateko».

Bestalde, Philippe Gilbert (Omega Pharma-Lotto) nagusitu zen atzo Eneco Tourreko hirugarren etapan. Erasoa jo eta bederatzi segundoko aldea atera zien gainontzeko txirrindulariei. Lasterketaz gain, sailkapen nagusiko lidergoan jarri zen, eta orain Edvald Boasson Hagen bigarren sailkatuari (Sky) sei segundoren aldea ateratzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.