TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA

Igotzeko jaitsi?

Garatek postu bat galdu du nagusian baina bigarrenera igo liteke gaurko erlojupekoan; Di Lucak minutu bat galdu du, Simonik eta Rujanok 42 segundo irabazi eta Savoldellik eutsi; etapa Bassorentzat

Andoni Urbistondo.
2005eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Eskailera zailak igoko badira, baten bat jaistea ez da txarra. Juanma Garatek eskailera bat behera egin du sailkapen nagusian. Laugarren zen irundarra etapa korritu baino lehenago. Bosgarrena etapa bukatuta, baina, etapa hasieran baino gertuago dauka urteetako lan ona borobil dezakeen lorpena: Giroko podiuma. Paolo Savoldelli liderrak ondo eutsi zion, eta Garaterekin batera helmugaratu zen. Simonik eta Rujanok, Giroko igotzaile trebeenek, etekina lortu zuten, baina espero zutena baino txikiagoa. Denetan kaltetuena, Danilo Di Luca txikia. Minutu bat jan zioten Garatek eta Savoldellik. Lehertu behar zela ziotenak kontent egongo dira, baina komenigarria litzateke Di Lucak nagusian duen postua gogoratzea: laugarrena.

Savoldellik 58 segundo kentzen dizkio hurrengo egunetan bere aurkari gaiztoena izango den Gilberto Simoniri. Nagusian bigarren da Lamprekoa. Bi postu igo ditu Rujano venezuelarrak ere eta 1.24ko atzerapena du. Di Luca oso gertu du, bi segundora. Garate lehen bezala dago Savoldellirekiko, 2.11ra. Maglia arrosa garesti du Garatek, ezinezkoa ia-ia. Savoldelli euskalduna bezain indartsua edo indartsuagoa da erlojupekoan, eta mendian gora paretsu dabiltza biak. Podiumeko beste bi koskak, ordea, esku-eskura ditu Saunier Duval taldekoak.Simoni 1.13ra dago, Rujano 47 segundora eta atzo justu aritu zen Di Luca, 45 segundora. Itxuraz, hiru horiek baino lan hobea egin dezake Garatek gaur, Turinen, 34 kilometroko erlojupekoan. Baliagarria izan daiteke lehen erlojupekoko datuak gogora ekartzea. Di Lucaren jarduna da zalantza gehien sortzen duena. Liquigas-Bianchi taldekoak 32 segundo jan zizkion lehen erlojupekoan gipuzkoarrari, Garate bakarkako diziplinan Di Luca baino hobeto moldatu izan bada ere. Garatek 45 segundo jan zizkion Simoniri eta ia hiru minutu Rujanori.Garate ez zen gustura geratu lehen erlojupekoko emaitzarekin. Lau-lauak ziren azken 15 kilometroek kalte handia egin omen zioten. Gaurkoa ezagutzen du eta ibilbidea berarentzat ona dela adierazi zion berriari astelehenean. Neurria eman ezkero, Garatek bigarren posturaino egin dezake jauzia gaur, eta postu horri eusten saiatu biharko etapan, Finestre mendate ikaragarrian.

Simonik Savoldelli garai dezakeela daki

Ezer gutxi gertatu zen atzoko etapan, azken bost kilometroetan sartu arte. Behin hara iritsita, ordea, gauza asko. Saltsa askoz lehenago hastea espero zen, halere, Colletto de Moro gain bihurrian. Ezer ez zen gertatu han. Helmugatik urrunegi zegoela, erasoa jo nahi zutenek sentsazio on-onak ez zituztela... erantzunik gabeko galderak, zoritxarrez. Han gertatu ez zena gertatu zen Limone Piemonteko azken bost kilometroetan. Berez, mendate etzana zen atzoko azkena, alde handi-handiak lortu ezin diren horietakoa. Autobide zabala eta %5-6ko maldak. Txirrindulariak justu antzean doaz, ordea, dagoeneko, eta besteek baino indar apur bat gehiago duenak, orain astebete lortuko ez zuena lortzen du: kontrarioak atzean uztea. Egunez eguneko nekea ondo gainditzen dutenek, azken egunetara osoen heltzen direnek dute arrakastarako atea zabal-zabalik.

Giroan osoen nor dagoen zehaztea jardun zaila da, ordea. Simonik badu kontrarioak atzeratzeko erregai nahiko, baina ez haiek txikitzeko nahi beste. Rujanok ere badu hauspoa bidea zerura begira jartzen denean, baina gaurko erlojupekoan minutu zakua galduko du. Savoldelliren egoera misterioa da. Berak bakarrik daki, atzo, Simonik erasoa jo zuenean, zuhur, azti jokatu zuen, Simonirekiko duen errenta gogoan, edo ezinean zihoalako geratu zen atzean. Zer esan Di Lucaz. Inor ez litzateke harrituko bihar edo etzi lan txukuna egiten badu edo pott egin eta ordu erdia galtzen badu.Garate bera ere ondo ari da. Simoniren erasoari erantzun zion atzo, Dolomitetan bezala. Kostata harrapatu zuen Simoni eta Rujanoren gurpila, italiarrak erritmoa aldatu zuenean, eta behin harrapatuta, bete egin zen. Bikotea azkarregi zihoala jabetu eta Savoldelli, Karpets eta Hontxarren taldea iritsi zain geratu zen. Garatek pultsua du bere buruarekin, erronka, Simoniren erasoei erantzun eta haren gurpilari jarraituta Giroan goi-goian sailka daitekeen jakiteko. Simoniren erasora erantzun zion atzo, eta handinahikeriatzat har daiteke hori, baina Garate azkar jabetu zen ez zuela ondo egin, erratu egin zela, eta talde txiki baten babesa bilatu zuen. Finestren gora Simoi egoskor saiatuko da berriro. Atzo gertatutakoa hausnartu eta gehien komeni zaion erabakia hartu beharko du bihar.

Ivan Bassok ipurdiaerakutsi zien aurkari denei

Giroa alde batetik eta etapa bestetik. Eguneko ihesaldian sartzeko ahaleginak, dozenaka. 23 lagun, aurrena, 7 gero, 12 hurrena... Schmitz, Sutherland, Gomez, Thomas Dekker, Hruska, Zanini, Casar, Gustov, Laiseka, Halgand, Marichal eta Matthew White sartu ziren aurrera egin zuen ihesaldian. Aurrera egin bai, baina helmugara iristeko tropelaren bedeinkapenik gabe.

CSC eta Lampre taldeen jarrerak erakutsi zuen hori. Jakina zen Lampre lasterketa gogortzen saiatuko zela, baina CSC tropel buruan kontrol lanean agertzea ezustekoa izan zen. Arrazoia, bakarra: etapa irabazi nahi zuten Ivan Bassorekin. Nahi eta egin, biak bat. Beti hain erraza balitz. Bassok Limone Piemonte igo aurreko ordekan egin zuen hanka eta Schleck taldekidearen morrontza lanari zukua atera. Sendo zihoan Basso eta aise utzi zituen atzean iheslagunak, aldapa pikotu eta berehala. Erantzunik gabeko beste galdera bat. Zer gertatuko litzateke Bassok tripako minak eragindako pattalaldia jasan izan ez balu? Ez harritu Giroa poltsikoratu izan balu.34 kilometroko erlojupeko erabakigarria jokatuko da gaur. Bigarren erlojupekoetan espezialista direnen eta ez direnen arteko aldea txikitu egiten omen da. Hasierako zortzi kilometroak lauak dira. Gorantz hurrengo zortziak, Superga gaineraino. Bi kilometro eta erdik %8ko malda dute, eta %4-6 artekoa dutenak ere ez dira gutxi. Garateren ahotan, tarte horretan erabakiko da garailea.Jaitsiera teknikoa da, gaiztoa, pedalei eragin beharrekoa. Azken sei kilometroak Turingo hiri barnean egingo dira.

-

Sailkapenak



 

17. ETAPA





1. Ivan Basso (CSC) 5.15.462. Jose Rujano (Selle) 1.06ra3. G. Simoni (Lampre) d. b.4. Wim Van Huffel (Lotto) 1.32ra5. Ivan Parra (Selle) 1.48ra6.

Juanma Garate



(Saunier) d. b.7. P. Savoldelli (Discovery) d. b.8. Serhii Hontxar (Domina) d. b.9. Tadej Valjavec (Phonak) d. b.10. V. Karpets (I. Balears) d. b.16. D. Di Luca (Liquigas) 2.49ra19.

Unai Osa



(I. Balears) 3.01era

NAGUSIA





1. P. Savoldelli (Disc.) 81.24.502. G. Simoni (Lampre) 58ra3. Jose Rujano (Selle) 1.24ra4. Danilo Di Luca (Liquigas) 1.26ra5. Juanma Garate (Saunier) 2.11ra6. Serhii Hontxar (Dom.) 4.05era7. P. Caucchioli (Cr. Agr.) 4.26ra8. Emanuele Sella (Pana.) 6.27ra9. Vl. Karpets (I. Balears) 6.44ra10. Dario Cioni (Liquigas) 6.47ra18.

Unai Osa



(I. Balears) 13.01era26.

Patxi Vila



(Lampre)26.29ra54.

R. Laiseka



(Eus.-Eus) 1.23.33ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.