Txirrindularitza. Italiako Giroa

Igotzen ere ikasi du aitatxok

Mark Cavendishek bigarren garaipena lortu du Italiako Giroan, Liquigasek eta Astanak dezente gogortu duten etapa amaieranEzinean geratu dira Farrar, Hushovd, Ferrari eta Guardini, Man uhartekoaren mesedetan

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Liskarra inguruan izaten du gehienetan Mark Cavendishek (Sky), Italiako Giroaren hasiera honetan bezala, baina podiumera igotakoan britainiarraren alderik samurrenarekin gozatu ahal izan zuten atzo Fanora inguratutako zaleek. Egun gutxiko alaba besoetan hartuta joan zen Skykoa Giroko bosgarren etapako garailearentzat prest zeukaten saria jasotzera. Musua batean, eta musua bestean, gozatu ederra hartu zuen Skyko esprinterrak Giroko bigarren garaipenarekin. Arnasestuka zebilen artean Man uhartekoa, esprinterren sufrimendua muturreraino eraman zuelako Liquigasek azken 40 kilometroetan.

Baina esprinter gehienek egin ez zutena egin zuen Skykoak atzo; laugarren mailako koskatxoan sufritu, gorriak ikusi, taldekideen babesean gorputza bere onera ekarri, eta esprinta erraz antzean irabazi. Koskarik txikienean zalea da atzean geratzen, amore ematen. Baina atzo erakutsi zuen nahi duenean, tentsioan dagoenean, badakiela koska horiek aurrekoen ondoan igarotzen. Liquigasek laugarren mailako koskatxoan gora erritmoa igo zuenean, tokitan geratu ziren, besteak beste, Tyler Farrar (Garmin) —lider jartzeko aukera ona zeukan—, Thor Hushovd (BMC), Roberto Ferrari (Androni), Andrea Guardini (Farnese), Juan Jose Haedo (Saxo Bank) eta Theo Bos (Rabobank).

Amaieran Liquigasek, Astanak eta Katuxak egindako mugimendua, besterik ez zuen izan Giroko bosgarren etapak. Oso adi dabiltza Ivan Basso, Roman Kreuziger eta Joaquim Rodriguezen taldekideak, eta etapa zailagoetarako abisua izan daiteke hori. Ez dute arriskurik nahi, eta tropeletik tiraka hastea izaten da halakoetan onena. Igoera handiek jarriko dute bakoitza bere lekuan.

Liquigasen erritmo aldaketa horrek nahi gabe bezala utzi zuen ezerezean 12. kilometrotik ihesean zebilen laukotearen saioa. Alessandro de Marchi (Androni), Pier Paolo de Negri (Farnese Vini), Olivier Kaisen eta Brian Bulgac (Lotto) sartu ziren ihesaldi horretan, eta 6.15 minuturen aldea izan zuten gehienez. Garminek eta Greenedgek kontrolatu zuten aldea laugarren mailako aldapara iritsi artean, eta Liquigasek eta Astanak egin zuten gainerakoa. Alferrikakoa izan zen De Marchiren azken saioa, baita Valerio Agnoli (Liquigas) eta Giovanni Viscontirena (Movistar) ere.

Urbino eta Porto Sant'Elpidio artean seigarren etapa jokatuko da gaur, 210 kilometrokoa. Lau mendate igo beharko dituzte, eta oso gorabeheratsua da amaiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.