Juri Trofimovek (Katuxa) irabazi du Dauphineko laugarren etapa, Montelimar eta Gap artekoa, hamahiru txirrindulariko ihesaldian sartu eta Manse bigarren mailako azken mendatean gora erasoa jota. Romain Sicard (Europcar) eta Imanol Erbiti (Movistar) ihesaldian zirela, erritmo bizi-bizia jarri du errusiarrak azken igoeran, eta bakar-bakarrik geratu da aurrean. Hamabi iheskideekiko hogei segundoko aldearekin igaro da Katuxakoa mendiko pankartapetik, eta une horretan 2.35era zihoan tropela, Sky buruan zela. Jaitsieran arriskatu eta aldea areagotuta, bakar-bakarrik helmugaratu da, azkenean, Trofimov. Azken igoeran mugimendu batzuk izan diren arren, faboritoen artean ez da izan aldaketarik, eta Chris Froomek (Sky) jarraitzen du lider.
Besteak beste, Beñat Intxausti (Movistar) ez da abiatu gaur, eta etxerako bidean da jada. Sisteron eta La Mure artean, bosgarren etapa jokatuko da bihar, 189,5 kilometrokoa. Oso gorabeheratsua da ibilbidea, bigarren eta hirugarren mailako hiruna mendate igo beharko dituztelako, azkena, Laffrey bigarren mailakoa, helmugarako hogei kilometro faltako direnean.