Montse Puche. Bera Berako entrenatzailea

«Ikasi behar dut une oro eskubaloian ez pentsatzen»

Beste bi sasoirako luzatu berri du kontratua. Ez da harritzekoa, haren aginduetara taldeak hirugarrenez jarraian irabazi baitzuen liga. Halere, ohartarazi du «oso-oso zaila» izango dela laugarrenez hori lortzea.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gozatzen ari zen Montse Puche (Alcorcon, Espainia, 1970) Valentzian, oporretan (Herrialde Katalanak). Ari zen, herenegun okertu egin baitzitzaion oporraldia, etxean ezbehar bat izanda. «Txikitu egin dut ezker oineko behatz txikia. Nola? Bada, nahigabe ateari sekulako kolpea emanda. Bigarren aldia da denbora laburrean, abenduan eskuin oineko behatz lodia apurtu bainuen. Orduan, ur botila bat erori zitzaidan behatzaren gainean». Umore onez hartu du gertatutakoa, baina aitortu du horren erruz amaitu direla beretzat oporrak. Datorren astean etorri nahi du Donostiara, denboraldia bertatik bertara prestatzeko. Valentzian ez da geldirik egon, eta zerikusia izan du Bera Berak hartutako erabaki guztietan; tartean, bere kontratuaren berritzean.

Oporretan zinela egin du klubak ofizial beste bi denboraldiz segituko duzula Bera Beraren aulkian. Pozik?

Oso pozik; ilusio handia egin dit.

Beste bi denboraldirako berritu duzu. Egungo egoeran, kontratu ona da hori.

Hala da, eta are gehiago bizitza honetan gehien gustatzen zaidana egingo dudalako. Pribilegiatu bat naiz.

Azkar jarri zineten ados?

Bai. Ia ez genuen hitz egin. Ez da harritzekoa ere, bien artekoak oso ondo funtzionatu baitu. Baldintza bakarra jarri nion klubari: bakarrik bizi nahi nuela.

Bi urtek askorako ematen dute.

Bai, eta hori da asmoa, lan asko egitea, baina ez soilik lehen taldean; harrobian ere bai. Aurreko sasoian, apenas izan nuen denborarik harrobiko lanaz arduratzeko, baina, orain, hasieratik egongo naizela kontuan hartuta, lan horri heldu nahi diot. Saiatu behar dugu bigarren taldetik lehen talderako koska murrizten: jauzia izan beharrean, segida bat izan dadila.

Zein asmo dituzu kluberako?

Klubak Ohorezko Mailan sendotzen jarrai dezan nahi dut. Noski, ahal diren emaitza onenak ere lortu nahi ditut. Gustatuko litzaidake pixkanaka Europako lehiaketetan ere toki bat lortzea.

Europa aipatu duzu. Klubak uko egin dio Txapeldunen Liga jokatzeari, bigarren urtez jarraian. Zer iritzi duzu horretaz?

Erabaki zuzena da, esfortzu ekonomiko handia eskatzen baitu. Bestalde, mailari dagokionez, guk eman dezakegunetik koska batzuk gorago dago. Halere, arrazoi nagusia diru falta da.

Pena da pistan merezita irabazitako sariari uko egin behar izatea babes faltagatik.

Hala da, baina, babesik gabe, ezinezkoa da Txapeldunen Ligaren gisako lehiaketa bati aurre egitea. Pista egokitu behar da, hamaika bidaia eta ostatu ordaindu... Diru asko balio du horrek, eta, zoritxarrez, ez dugu nahikoa babesik.

Jokalari zinenean, makina bat aldiz aritutakoa zara Txapeldunen Ligan. Zuretzat berria da horrelakoei uko egin behar izatea?

Bai, baina beste garai batzuk ziren. Ez zen horrenbeste diru behar. Hala ere, ez uste eroso ibiltzen ginenik. Hungariara joateko, lauzpabost hegaldi hartzen genituen, eta egun oso bat egiten genuen bidaiatzen. Dena, dirua aurrezteko.

EHF kopa bai, egokitzen da taldearen beharretara?

Bai, EHF kopari berme gehiagorekin egin diezaiokegu aurre, ez bakarrik diru kontuetan, baita kirol arloan ere. Zozketetan zorte ona izanez gero, lan txukuna egin dezakegu.

Irudikatzen zenuen entrenatzailea zara?

Bai, baina asko dut oraindik hobetzeko. Adibidez, kosta ahala kosta ikasi behar dut neure buruari atsedena ematen, eta une oro eskubaloian ez pentsatzen. Aurreko denboraldian, eskubaloia besterik ez nuen buruan eguneko 24 orduetan, eta, zenbaitetan, egoerak gainezka egin zidan. Klubak berak eskatu behar zidan mesedez neure buruari atseden pixka bat emateko. Hala ere, izugarri gozatu nuen, haur baten moduan. Oso gustura nago klub honetan.

Datorren sasoirako taldeari dagokionez, lau jokalarik utzi dute taldea: Nagore Arizagak, Amaia Azanzak, Maria Nuñezek eta Patricia Elorzak. Azkeneko bien falta sumatuko da gehien.

Hala da, eta kostako zaigu haiek utzitako hutsunea betetzea, batez ere defentsan, arlo horretan funtsezkoak baitziren. Nola edo hala saiatuko gara hori lortzen.

Zorionez, Eli Pinedok, Ana Tempranok, Ana Martinezek eta Matxalen Ziarsolok berritu egin dute —Matxalenek, atzo bertan—. Albiste ona da hori.

Bai, guztiak funtsezko jokalariak baitira.

Alba Menendez, Uxue Ezkurdia, Maitane Etxeberria, Esther Arrojeria, Maialen Mujika... Gazteen multzoak ere jarraitzen du.

Konfiantza handia dugu haiengan, eta, horregatik, sasoi honetan gehiago eskatuko diegu. Albaren kasuan, jada badu nahikoa eskarmentu ardura handiagoa hartzeko, adibidez, defentsan.

Andrea Zalduak Aiala Zarautzen jokatu du, utzita. Bera Beran ariko da datorren sasoian?

Hori ezin dizut esan.

Alicia Fernandez erdikoa, Tania Yañez albokoa eta Judith Sans pibota. Horiek dira fitxaketak. Zer espero duzu haiengandik?

Oso pozik nago hiru jokalari horiek nire aginduetara izango ditudalako. Aliciak eta Taniak asko lagunduko digute erasoan, eta Judithek, defentsan. Hala ere, nire lana izango da jokalari guztiek jokoaren bi alorretan ekarpena egitea. Adibidez, Silviak [Silvia Navarro] ardura handiagoa izango du defentsan, eta Elik ere [Eli Pinedo] defentsan lagundu beharko du. Hala ere, denboraldi-aurre osoa dugu horretarako.

Erronka zaila duzue esku artean: liga laugarren aldiz jarraian irabaztea.

Zaila ez, oso-oso zaila da liga laugarrenez jarraian irabaztea. Eskatzea libre da, baina jendeak oso argi izan behar du oso-oso zaila dela liga bat irabaztea, zer esanik bi jarraian, eta oraindik eta gehiago hiru jarraian. Laugarrena nahi dugu, noski, baina ez gaude bakarrik honetan. Atletico Guardesek, adibidez, sekulako taldea osatu du. Gaur-gaurkoz, hura da liga irabazteko faborito nagusia. Guk barruan dugun guztia eta pixka bat gehiago emango dugu, beti egin dugun moduan. Horrela lortu dugu lortu dugun guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.