Aztertu beharreko datuak dira denak. Lehen itzulia 13 punturekin amaituta, handia egin du Osasunak bigarren itzulian. 30 puntu lortu ditu 19 partidatan, eta bigarren itzuliko balizko sailkapenean zortzigarren egongo litzateke. Bi puntura edukiko lituzke Espanyol, Vila-real eta Sevilla, seira Atletico Madril, zazpira Mallorca eta Bartzelona, eta hamarrera Real Madril. Atzera begira jarrita, berriz, Recreativok baino 17 puntu gehiago lortu ditu Osasunak bigarren itzulian, Numantziak baino 15 gehiago, Athleticek baino 12 gehiago, Sportingek baino 11 gehiago, Valladolidek baino hamar gehiago, Betisek, Getafek eta Racingek baino bederatzi gehiago... Handia egin du, eta erakutsi du Lehen Mailan txukun aritzeko adinako taldea daukala.
Camachorekin, zalantzak
Baina zerbaitek huts egiten du Osasunan. Joan den denboraldi amaieran zuzendaritzak eztabaida handia izan zuen: Jose Angel Ziganda bai ala ez? Zalantza ugari izan zuten, eta behin denboraldia hasita nabaritu zen zergatia. Seigarren jardunaldian, Racingen aurka 0-1 galduta, kargutik kendu zuten Ziganda. Lehen sei partidak jokatuta, lau berdindu eta bi galdu zituen taldeak. Ez ziren emaitza onak, baina entrenatzailearekiko konfiantza falta nabaritu zen orduan.
Horregatik da garrantzitsua datorren denboraldirako gauzak lehenbailehen ondo egiten hastea. Orain pare bat hilabete Patxi Izko presidenteak erabateko konfiantza zeukan Camachorekin; orain hiru jardunaldi Lehen Mailari eutsiz gero jarraituko zuela ziurtatu zuen; eta orain badirudi zuzendaritza hausnarketa sakonean murgilduta dagoela. Orain urtebeteko egoera berberean dago kluba, eta hobe du orduko hankasartzerik ez egitea. Aulkitik hasita, proiektua sendotu beharra dauka klubak. Autokritika egin -zale batzuek zuzendaritzari begira daude, dimisio eske-, entrenatzailea aukeratu, konfiantza eman, egungo taldea egokitu, soberan daudenak saltzen saiatu, falta direnak fitxatzen saiatu... Proiektu bat behar du klubak. «Osasunan jarraitzen badut, Izkorekin hitz egingo dut, aldaketak egiteko». Camachoren hitzak dira. Ez da seinale txarra klubak aldaketak behar dituela jabetzea. Baina, aldaketa horretan, entrenatzailea bera ere aldatu egingo dutela, hori da kontua.
«Ezin da gehiago sufritu. Hurrengo pausoa Bigarren Mailara jaistea da». Patxi Puñalek egin zituen adierazpen horiek behin partida amaituta. Autokritika nabari da hitz horietan, jokalariek eurek ere bai baitakite denboraldi guztian ez dutela espero zen mailarik eman. Herenegun ere larri ibili zen taldea. Iruñekoaz gain, Gijoneko partida ere bazeukan jokoan Osasunak, hasiera batean erabakigarria baitzen Sportingen emaitza ere. Lehen 25 minutuak eta bigarren zatiko minutu bat. 26 minutu igaro zituen guztira Osasunak Bigarren Mailan. Baina garaiz iritsi zen Juanfranen gol ederra, 59. minutuan (2-1). Emaitza horrekin jada ez zegoen beste zelaietara begira egon beharrik. Osasunak lortu du helburua, baina behingoz ikasteko balio dezala denboraldi honek.
Oso hunkigarria izan zen Cesar Krutxaga kapitainaren agurra
Ez dakit zer sentituko duten Bartzelonako jokalariek, baina une honetan munduko zoriontsuena naiz». Agur hunkigarria jaso zuen Cesar Krutxagak herenegun. Azken partida zuen kapitainak, belauneko lesioak tarteko, erretiroa hartzea erabaki baitu. Epaileak partidaren amaiera adierazi zuenean kanporatu zuen Krutxagak berak ere barruan pilatuta zeukan tentsio guztia. Negar malkoei eutsi ezinik, eskerrak eman zizkien kapitainak zale guztiei.«Zorion malkoak izan dira. Izugarria izan da zelaiari itzulia ematea eta inguruan denak nire izena oihukatzen ari zirela entzutea». Partida amaieran zaleek berdegunera salto egin zuten arren, Krutxagak ohorezko itzulia eman ahal izan zuen. «Lehen Mailan geratzeak soilik kentzen zidan loa». Helburua beteta, Osasunaren zale bat gehiago izango da aurrerantzean Cesar Krutxaga.