Caja Laboral 61. Fuenlabrada 51

Ikatza, eta beltz-beltza

Ahazteko moduko partida jokatu dute Caja Laboralek eta Fuenlabradak, baina garaipenari eutsita, lidergoan dira arabarrakHiruko jaurtiketekin tematu dira bi taldeak: 55 jaurtiketa egin, eta 11 soilik sartu dituzte

Andoni Urbistondo.
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (2), Oleson (18), Nemanja Bjelica (2), Teletovic (11) eta Golubovic —hasierako bostekoa—; Heurtel (11), San Emeterio (2) eta Milko Bjelica (15).

Fuenlabrada. Colom, Laviña, Penney (10), Barton eta Saer Sene (18) —hasierako bostekoa—; Sergio Sanchez (3), Jon Kortaberria (8), Mainoldi (2), Adrian Laso (3), Muñoz (3) eta Vega (4).

Markagailua. 10-14, 28-25 (atsedenaldian); 44-36 eta 61-51.

Epaileak. Amoros, Perez Perez eta Martinez Diez. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 8.050 lagun Iradier Arenan.

Iradier Arenara bertaratu zen bakarren batek partida polita, erosoa espero bazuen, ez zen halakorik gertatu. Bakarren batek apalen aritu diren jokalarien lan ona ikusteko itxaropena bazuen, itxaropen faltsua izan zen. Baskoniak garaipena lortu zuen, bai, baina garaipen benetan grisa izan zen. Gasteiz aldean aspaldian ikusi den txarrenetakoa, txarrena ez esateagatik. Hirukoak han eta hemen, portzentaje kaskarrekin, jokaldi landuak egiteko arazo ikaragarriak, eta ikuskizun benetan tristea, joko landu eta polita ikustera ohituta dauden plazan.

Olentzerok ikatza ekarri zion Baskoniari, eta Errege Magoek ere bai. Ikatza, eta beltz-beltza. Taldearen jardun apalak merezi duen zigorra. Olentzerok Euroligako Top 16tik kanpo geratu izanagatik zigortu zuen Ivanovicen taldea. Errege Magoak ez ziren hain gaiztoak izan, gasteiztarrei ez zielako garaipenik lapurtu, baina zaleen begiak zigortu zituzten. Malkoak isurtzeraino. Ikusten ari zirena sinetsi ezinik asko izan ziren begiak igurtzi zituztenak, baina atzokoan jai zegoen. Urte berria hastearen ajeak izango dira.

Eta halere, lidergoan dago Baskonia. Real Madrilek Bartzelona mendean hartu zuelako. Bost talde daude orain berdinduta buruan, 11-3 balantzearekin, eta hor irautea da arabarren asmoa. Jokoan gaizki arituta ere, garaipenek balio dutelako. Halakoetan ezin bestelako ondoriorik atera. Okerragoa baita gaizki jokatu eta galtzea, gaizki jokatu eta irabaztea baino.

Zabarkeriari egindako omenaldia izan zen atzoko partida. Saskia baloia baino txikiago geratu zen jokalari guztientzat, eta lehen laurdeneko markagailua pobreetan pobreena zen: 10-14 Fuenlabradaren alde. Madrilgoak ondo ixten ari ziren blokeoaren eta jarraipenaren bidea, eta Baskoniak jokaldi asko hirukoen bitartez bukatu beste erremediorik ez zuen eduki. Ia denak huts egin zituen, nahiz eta batzuk garbi-garbiak izan, jokalari profesional batek oso gutxitan kale egiten dituen horietakoak. Fuenlabrada ere ez zebilen hobeto: 11 hiruko saiakera egin, eta denak kale. Saer Sene senegaldarrak bakarrik egin zuen min saskipean.

Gaizki hasten dena gaizki bukatzen omen da, eta bigarren eta hirugarren laurdenak ere eskasak izan ziren. Markagailuen datuak nahikoak dira hori ulertzeko. 28-25 atsdenaldian, eta 44-36 hamar minuturen faltan. Hirugarren laurden bukaera horretan hasi zen argi pixka bat ikusten Baskonia Milko Bjelica eta Thomas Heurtelen lan onari esker. Baina azkenekoan hautsi zuen zeharo norgehiagoka. Teletovicek eta Olesonek hiruko bana sartu, eta 15 punturaino joan zen aldea.

Zazpi jokalari bakarrik

Bukaera lasaia izan zen behintzat, eta gaitzerdi. Ivanovicek zazpi jokalari bakarrik erabili zituen, eta etorkizunean eragina izan dezakeen datua da hori. Golubovic errotazioan sartzen saiatu zen, hasieratik kantxaratuta, baina bi minututan pare bat akats egin zituen, eta zigorra ikaragarria izan zen. Ez zuen gehiago jokatu partida osoan. Dorseyk ere beroketa ariketak egiteko jertsearekin ikusi zuen partida, ez zuela jokatuko jakinda. Noiz arte eutsiko dio Gasteizen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.