Ikatza txapeldunentzat

Dallasek eta Los Angeles Lakersek, NBAko azken bi txapeldunek, gaizki ekin diote sasoiari; biek ala biek lehen partidak etxean galdu dituzte; Miamiren aurka Dallasek, eta Chicagoren aurka Lakersek.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Eguberri eguneko betekada arintzeko menu aproposa eskaini zuen NBAk igande arratsaldean. Zazpi ordu pasako ikuskizuna sofan lasai eserita, hiru partida handirekin. Emozio handikoa izan zen lehena, elkarri amorru handia dioten bi talderen artean: New York Knicks eta Boston Celtics. Etxekoek irabazi zuten, justu-justu: 108-106. Irekiera partida horren ostean jokatutako beste bi norgehiagokatan asko zegoen jokoan, eta Miamik eta Chicagok lehen abisua eman zieten aurkariei; jarduneko txapeldun Dallas Mavericksi Miamik, eta Lakersi Chicagok. Miamik hankapean ibili zuelako Dallas, eta Chicagok talde menderakaitza dela erakutsi zuelako, Staples Center distiratsuan garaile izateko.

Madison Square Garden dotorean eman zitzaion hasiera sasoiari. Boston Paul Pierce gabe aritu zen, orpazurdan duen lesioagatik, eta etxekoen alde desorekatu zuen balantza hutsune horrek. Ez zen kolorerik izan lehen erdian, New York 62-52 aurreratu baitzen sarri hamabost puntuko aldeak izan ostean. Carmelo Anthony eta Amare Stoudemire ondo ari ziren, baita Iman Shumpert joko antolatzaile rookie-a ere.Bostonen Rajon Rondo eta Brandon Bass bakarrik ari ziren tiraka, Ray Allen eta Kevin Garnett itzali samar zebiltzalako. Aldageletatik bueltan, ordea, zeharo aldatu zen panorama. Celticsek hortzak estutu zituen defentsan, eta hirugarren laurdena bukatuta zortzi punturen aldea ateratzen zion New Yorki. Ederra izan zen bukaera, eta Anthonyk garaipena eman zien etxekoei.

Madisonekoa bukatu, eta berehala hasi zen joan den denboraldiko finalaren errebantxa. Aldaketa franko Dallasen, eta talde berbera ia-ia Miamin. Ospakizunetan aldagelan geratu zen Miami, eta etxekoak zeharo despistatu ziren jokoa hasterako, aurkariak txikitu egin baitzuen jarduneko txapelduna. Mendeku gosez zeudela nabaritu zitzaien LeBron James, Dwayne Wade eta Chris Boshi, eta final bat jokatzen ari balira bezala zanpatu zuten Dallas. Texasekoek asko nabaritu zuten pibot handi baten hutsunea, eta garesti ordain dezakete Tyson Chandlerri kontratua ez berritu izana. Horretaz gain, agerian geratu zen Nowitzki, Carter, Haywood eta Jason Terry berde samar daudela. Miamik 30 puntuko zuloa ere ireki zuen, eta haiek gehiago estutu nahi izan balute, askoz handiagoa izan zitekeen aldea. Dallasek itxura kaskarra eman zuen.

Lakers eta Chicagoren artekoak ere batzuen indarra eta besteen zalantza erakutsi zuen. Lakersek esku-eskura izan zuelako liga atarian sortutako kezka guztiak desagerraraziko zituen garaipena. Ez zuen jakin, ordea, irabazten, zortzi minuturen faltan hamar punturen aldea eduki arren. Kobe Bryant hasieratik kantxaratu zen, eskumuturrean lesio txiki bat izan arren, eta 28 puntu lortu bazituen ere, kale egin zuen partida irabazteko jokaldian. Chicagoko Derrick Rose, aldiz, itzali samar ibili zen, hirukoetan mina eginez barneraketetan baino gehiago, baina garaipena lortzeko ondoen egiten duen jokaldia aukeratu zuen: buruz burukoa Derek Fischerren aurka, eta kako erdia, bikoa lortzeko: 87-88 Chicagoren alde.

Clippers, indartsu

Eraztuna lortzeko beste faborito batek ere garaipen argia lortu zuen. Parean zeukan aurkaria ez zen indartsuenetakoa, Orlando Magic, eta Kevin Duranten 30 puntuak nahikoak izan ziren sasoia garaipenarekin hasteko (97-89). 15-20 punturen aldea eduki zuen Oklahomak bigarren eta hirugarren laurdenetan, eta ez zuen batere sufritu bukaeran.

Los Angeles Clippersek ere 105-86 irabazi zuen Oaklanden, Golden Staten aurka, baina sei minuturen faltan puntu bakarrarena zen aldea: 82-81. Griffinek 22 puntu saskiratu zituen; Billupsek 21, eta Chris Paul udako fitxaketa entzutetsuenak 20. De Andre Jordan pibotak ere lan bikaina egin zuen, eta zortzi txapel jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.