Igandean amaitu zen pilotako urteko azken lehiaketa: Lau eta Erdiko Txapelketa. Eta atseden hartzeko apenas tarterik gabe, gaur egin dute datorren sasoiko Binakako Txapelketaren aurkezpena, Bizkaia Frontoian. Ostiralean abiatuko da lehia, urtarrilaren 1ean, Eibarren (Gipuzkoa): Jaka eta Martija Altuna III.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka arituko dira. Finala, berriz, maiatzaren 9an jokatuko da, Bizkaia Frontoian.
Hauek dira bikoteak:
Aspe:
Altuna III-Mariezkurrena II,
Jaka-Martija,
Ezkurdia-Ladis Galarza
Elezkano II-Zabaleta
Baiko:
Olaizola II-Rezusta
Artola-Aranguren,
Urrutikoetxea-Imaz
Peña II-Albisu.
Badago berririk gaur aurkeztutako aldian. Jakitenarazi denez, Rezusta Baikorekin arituko da 2021eko Binakako Txapelketan, Aspek utzita. Jon Mariezkurrenak, berriz, Asperekin jokatuko du.
Hutsune nagusiak, berriz, Oinatz Bengoetxearena eta Iker Irribarriarena dira. Hala, kanpoan geratu dira buruz burukoan txapeldun izandako bi pilotari. Zalantza zen ea zein izango zen Aspek aukeratuko zuen laugarren aurrelaria, Altuna III.a, Jaka eta Ezkurdia ziurtzat jotzen baitziren, eta Danelen alde egin du enpresak. Alderantziz izan zen joan den urtean: Elezkano II.a kanpoan geratu zen orduan, Irribarriaren mesedetan. Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak aitortu du Aramakoa kanpoan uztea «zaila» izan dela, eta badakitela «ez dela justua». «Maila handiko aurrelariak ditugu, eta laurentzat baino ez dago lekurik. Iaz, txapelduna izanda, Danel geratu zen kanpoan. Aurten, Ikerri tokatu zaio. Asko pentsatu ondoren, erabaki hori hartu dugu». Unai Iglesias Baikoko ordezkariaren arabera, berriz, Oinatz ez hautatzeko erabakiaren atzean «kirol ikuspegia soilik» hartu dute kontuan. «Erabaki zaila izan da. Azkenera arte zalantzak izan ditugu, baina lehenago edo beranduago gazteei aukera eman behar zaie».
Txapelketari dagokionez, iazko formatu berari eutsiko diote. Zazpi jardunaldiko bi itzuli jokatuko dituzte hasieran. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara, eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutakoek kanporaketak jokatuko dituzte. Finala maiatzaren 9an izango da, Bilbon.