Aizkora

Iker Vicente da Euskal Herriko aizkora txapeldun berria

Lehenengo aldiz lortu du Euskal Herriko txapela. Mikel Larrañaga izan da bigarren, txapeldunarengandik lau minutu eta 18 segundora. Txikia IV.arentzako izan da hirugarren postua.

2019ko urriaren 27a
09:46
Entzun

Ikusmin handia zegoen Aitzol Atutxa azken bost urteetako txapeldunaren lekukoa nork hartuko zuen ikusteko, eta gaur argitu da: Iker Vicente Otsagabiko (Nafarroa) gaztea da Euskal Herriko aizkora txapeldun berria. Bere lehenengo Euskal Herriko txapela eskuratu du 22 urterekin, azken bi urteetan txapeldunorde izan ostean.

Vicentek lehia estua izan du Mikel Larrañagarekin, zortzigarren enborrera arte. Handik aurrera, aldea atera dio. Erritmoari eutsi dio txapeldunak, eta behera egin du, berriz, Larrañagak. Azkenean, Vicentek baino lau minutu eta 18 segundo gehiago behar izan ditu. Vicentek 37 minutu eta 37 segundoren buruan amaitu du lana, eta Larrañagak, 41 minutu eta 55 segundoren buruan.

Aldeak askoz ere txikiagoak izan dira hirugarren, laugarren eta bosgarren sailkatuen artean. Txikia IV.ak egin du denborarik onenetan hirugarrena (44 minutu eta 54 segundo), Eneko Otañok hark baino segundo bat gehiago behar izan du (44 minutu eta 55 segundo), eta Iñaki Azurmendik, Otañok baino hiru segundo gehiago (44 minutu eta 58 segundo).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.