Lortu du. Iker Vicenctek hamalau kana-erdikoen marka berria ezarri du. Otsagabiko (Nafarroa) aizkolariak 26 minutu eta 46 segundo behar izan ditu lana osatzeko, eta 31 segundoan hobetu du duela mende laurdenetik Donato Larretxeak zuen marka: 27 minutu eta 17 segundo. Pandemiaren ostean egin den herri kiroletako lehen jaialdia izan da, eta 200 bat lagun bildu dira Nafarroa Arenan. Bildutako dirua COVID-19 gaitzaren ikerketara bideratuko dute.
Indarrez hasi da Vicente, eta aurreneko enborrak minutu eta erdi baino gutxiagoan moztu ditu, baina, lanak aurrera joan ahala, indarra galduz joan da. Dena den, eusten jakin du, eta erritmo on bat hartzen. Hor egon da gakoa.
Markak are zailtasun handiagoa zuen, ia hiru hilabeteko konfinamenduaren ostean lortu baitu. «Aste askoan ezin izan naiz nahi bezala entrenatu, Baina denbora aldetik gauzak espero bezala joan dira, Sentipen onak izan ditut, eta oso gustura nago lortutakoarekin», adierazi du amaieran. Enborrak «hobeak» izatea espero zuen. «Baina hori ezin zen aitzakia izan. Berriro ere martxan egotea ona da, bai niretzat, bai nire kirolarentzat».
Aitortu du marka lortzea ez zela erraza. «Larretxearen marka 25 urtez indarrean egon bada, marka oso ona zelako izan da. Uste dut hau gainditzea zaila izango dela, baina batek daki. Gerta liteke baten bat ahalegintzea eta gainditzea».