Ikerketa amaituta, sei hilabete barru hasiko da 'Puerto auziko' epaiketa

Zazpi akusatu eseriko dira aulkian, eta bi urte arteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua daukate

unai zubeldia
Donostia
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Urrun geratu da 2006a. Bost urte luze igaro dira, eta denetik gertatu da tartean. 2006ko otsailean ekin zion Guardia Zibilak Puerto auzia ikertzeari. Goi mailako kirolariei legez kanpoko substantziak banatzen zizkien dopin sare baten susmoari segika hasi, eta hiru hilabetera egin zituzten lehen atxiloketak, Madrilen eta Zaragozan (Espainia). Eufemiano Fuentes hainbat txirrindulari taldetako medikua izandakoa eta Manolo Saiz zuzendaria zeuden tartean. Ordutik bueltaka ibili da auzia, baina ikerketa amaituta, ahozko saioa egin egingo dela jakinarazi zuen atzo Antonio Serrano Madrilgo 31 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak.

Gutxienez sei bat hilabete beharko dira Puerto auziko epaiketari ekiteko, alde guztiek aurretik hamar egun dauzkatelako argudioak aurkezteko. Ondoren erabakiko da zein zigor epaitegiren esku geratuko den auzia. Fuentesekin eta Saizekin batera, beste bost akusatu eseriko dira aulkian: Yolanda Fuentes —Eufemianoren arreba—, Jose Luis Merino Batres hematologoa, Vicente Belda eta Jose Ignacio Labarta Kelmeko arduradunak eta Alfredo Cordova medikua. Bi urte arteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua daukate, osasun publikoaren aurkako delitua tarteko.

Ullrich, Basso, Beloki...

2006ko ekainaren 29an azaleratu ziren Puerto auziarekin zerikusia zeukaten txirrindulari batzuen izenak. Jan Ullrich, Ivan Basso, Joseba Beloki eta Roberto Heras zeuden, besteak beste, zerrenda horretan. 2007ko martxoan Serrano epaileak akusazioak artxibatzeko erabakia hartu zuen, baina urtebete geroago berrekin zioten ikerketari. Bost urteren ondoren, eta beharrezkoak izan diren ikerketa guztiak amaituta, sei hilabete barru hasiko da argitzen, beharbada, Puerto auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.