Gales Hegoaldeko Unibertsitateak egindako ikerketaren ondorioa argia da: denboraldi oso batez errugbian jokatzen duten jokalariei garunera iristen zaien odol fluxuan murrizketa bat ematen da, eta gauza bera gertatzen da kirolari horien funtzio kognitiboetan. United Rugby Championship lehiaketako talde baten jarduna behatuta, ikerlariek ikusi dute urtebetez kirol hori modu jarraituan egiteak txarrerako eragiten diola arrazoitzeko gaitasunari, ideiak plazaratzekoari, eta baita memoriari ere. Nabarmendu dute, nolanahi ere, epe luzeko efektuez aritzeko ikerketa gehiago behar direla.
Errugbiaren bueltan egin izan dira gisa horretako ikerketak, eta asko antzeko ondorioetara heldu izan dira. Lan hau egiteko, Gales Hegoaldeko Unibertsitateko ikerlariak talde bat aukeratu zuten, eta talde horretako jokalariak aztertu zituzten denboraldiaurrean, denboraldiaren erdian, eta behin denboraldia bukatuta. BBC hedabideak ikerketa ikusi ahal izan du, eta horretan iradoki dute kirol horretan ematen diren ukitze errepikatuek eta, besteak beste,bigarren mailako garun kommozioek ere eragin dituztela jokalariengan detektatutako kalteak. Ikerketa Journal of Experimental Physiology aldizkarian argitaratzekoak dira.
Shane Williams Galesko selekzioaren ikurretako bat izan zen 2000ko eta 2010eko hamarkadan, eta buruan lesioak jasan zituen jokatzen zuen garaian. Adierazi izan du min hartzeko arriskua areagotu egiten dela nekearekin. Bat egin du, bide batez, partida batean egin daitezkeen aldaketei muga bat jartzeko eskaerarekin, iritzita zelaian sartzen direnek lesio gehiago eragin ditzaketela freskoago daudelako.
Kontuan hartu behar da 200 bat jokalari ohik —amateurrak eta profesionalak daude horien artean— auzibideak hasi dituztela munduko mailako errugbi erakundeen aurka. Horietako batzuei dementzia goiztiarra diagnostikatu diete, eta uste dute erakundeek ez zituztela arriskuen aurrean babestu.
Inbertsioa bikoiztuz
World Rugby erakundearen barruan 103 herrialdetako errugbi federazioak daude, eta ikerketa berriei ongietorria eman die. «Duela gutxi gure jokalarien ongizatea bermatzeko inbertsioa bikoizteko konpromisoa hartu du World Rugbyk», nabarmendu du, gainera.