Azken 40 urteetako ikurra galduko du Tourrak aurten -iazko ikurra ere bai, Alberto Contador iazko irabazlea ez baita irteeran izango-. Biharko lehen etapari begiratu, eta Brest-Plumelec ageri da, 197,5 kilometro. Ondorioa argia da: Cancellara, Wiggins, Hincapie, Millar... Horiei amaitu zaie urteroko pagotxa. Iaz ere bete-betean aritu ziren Londresen, aitzin-etapa ikusgarrian, besapean kolore horiko saria hartuta iritsi baitzen orduan ere 7,9 kilometroko esprint txiki hura. Aldaketaren izenean, ordea, diziplina berezi eta ikusgarri hori alboratzea erabaki dute aurten antolatzaileek.
Horregatik izango da Tour hasiera inoiz baino urduriagoa. Horregatik, eta beste ikur bat ere desagertu egin delako. Aurten ez da gainsaririk izango. Ez tarteko helmugan eta ezta helmugan bertan ere. Horren ondorioa ere argia da: esprinterren artean inoiz baino tentsio eta arrisku handiagoa izango da lehen etapetan, helmuga bakoitzean maillot horia egongo baita jokoan.
Laugarren etapara arte iraungo du esprinterren arteko borrokak, Bretainiako lehen hiru etapetan. Cholet-Cholet, 29,5 kilometroko erlojupekoa izango dute egun horretan, datorren asteartean. Betiko esana: erabaki, ez du ezer erabakiko, baina argitu, zerbait argituko du. Eta gehiegi argitu gabe min handia Erdialdeko Mendiguneak egingo du. Pirinioetara iritsi aurretik inguru gorabeheratsuan barrena ibiliko dira txirrindulariak, eta, urrutira joan gabe, datorren ostegunean, Super-Besse bigarren mailako mendatean amaituko da etapa. Hurrengo egunekoa ere, Aurillacen amaituko dena, gorabeheratsua da; hirugarren mailako mendate bat daukate helmugara iritsi baino bederatzi kilometro lehenago.
Pirinioetan, alde handirik ez
Eta astebeteko berotua hartuta iritsiko dira Pirinioetara. Bi etapa, 9.a eta 10.a, Bagneres De Bigorren eta Hautacamen amaituko direnak. Okzitanian, Tolosan, hasiko da Pirinioetako lehen etapa, 224 kilometrokoa. Laugarren mailako lau mendate eta hirugarren mailako beste bat igo ostean iritsiko dira Tourreko lehen mendate gogorrera, Peyresourdera. 152. kilometroan hasiko dira 13,5 kilometroko mendate hori igotzen. Arreau herrira iritsi arte jaitsiera azkarrean indar apurrak berreskuratu, eta Aspin igoko dute gero, lehen mailakoa. 26 kilometroko jaitsiera daukate Aspineko gailurretik Bagneres de Bigorreko helmugaraino. Eguraldi txarra eginez gero, jaitsiera arriskutsua izan daiteke.
Baina benetan arriskutsua hurrengo eguneko etapa izango da, Pauen hasi eta Hautacamen amaituko dena. Mutur batetik, bestera. Pirinioetako lehenengoa oso luzea izango da; bigarrena, berriz, oso laburra, 156 kilometrokoa. Ikur guztiak ezin galdu, eta Tourmalet mitikoa igoko dute lehenengo, La Mongietik. Luz Saint Sauveurretik barrena joango dira gero Hautacamera. Tourra azkeneko aldiz bertara iritsi zenean Javier Otxoa bizkaitarrak irabazi zuen etapa, 2000. urtean. Mendate gogorra da Hautacam. 15 kilometro pasatxo dauzka Ayros-Arbouixetik gora, eta batez besteko pendiza ia %8koa. Lehen atseden egunaren ostean, 11. etapa ere Pirinioetan barrena egingo dute, Lannemezan eta Foix artean. Lehen mailako Portel igoko dute, baina ez da alderik izango helmugan.
Pirinioetatik Alpeetara arteko bidean ihesaldientzat apropos-aproposak diren hiru etapa daude, Narbona, Nimes eta Digne les Bainsen amaituko direnak. Azken hori izango da hiruretan arriskutsuena, helmugara iristeko hamar kilometro eskas falta direnean laugarren mailako muino txiki bat igo beharko baitute. Etapa ehiztariek ez dute hutsik egingo ibilbide horretan. Ziur.
Benetako gerra, ordea, Prato Nevoson amaituko den etapan hasiko da, Alpeetan. Embrunen hasi eta goraka-goraka Agnel maila bereziko mendatea igo beharko dute lehenengo (23 kilometro, eta %5,9ko batez bestekoa). 2.744 metrora dago mendateko pankarta. Jaitsiera luzea izango dute, 40 bat kilometroko sasi-ordeka ere bai gero, eta Fabrosa Sottana herrian hasiko dira Prato Nevoso igotzen. 13 kilometro dauzka Italiako mendate horrek, eta 7,3ko batez besteko pendiza.
Alpeetako bigarren etapan zerutik gertu ibiliko dira. Inoiz igo ez duten mendatea igo beharko dute hasieran, Lombarda (2.351 metro). 20 kilometro pasatxoko igoera da, %7ko batez bestekoarekin. Handia jaitsi eta handiagoa igo, La Bonette. Ez da hain mendate gogorra, baina 2.802 metro dauzka, Tourreko mendaterik garaiena da, eta 12 kilometro pasatxo egin beharko dituzte 2.000 metrotik gora. Oxigenoa, urri; eta inguruan, landare gutxi. Mont Ventouxen tankera dauka La Bonetteko amaierak. 23,5 kilometro dauzkate gailurretik Jausierseko helmugara.
Txirrindularien hauspoa berotuz-berotuz, Alpeetako hirugarrena izango da Tourreko etaparik gogorrena, Alpe d'Huezen amaituko dena. Galibier, Croix de Fer eta Alpe d'Huez maila bereziko mendateak igo beharko dituzte bata bestearen atzetik. 17. etapa izango da. 210 kilometro, 65 kilometro goraka, eta 3.750 metroko desnibela. Azken aurreko eguneko 53 kilometroko erlojupekoa edukiko dute artean, baina erabaki beharreko gehiena Alpe d'Huezen gora erabakiko da.
Faboritoak
Cadel EvansLotto, 31 urte
Kiniela guztietan ageri da bere izena, eta australiarrak berak «ohoretzat» hartu du zama hori. Goraka-goraka doa azken urteotan Tourrean. Zortzigarren, laugarren, bigarren... Iaz Contadorrek kendu zion maillot horia, baina aurtengo txirrindularirik osoena dela ematen du. Erlojuaren aurka zoragarria eta igotzen oso ona, talde osoa bere esanetara izango du.
Denis Mentxov
Rabobank, 30 urte
Azken urteetako joera irauli nahian, Italiako Giroan lan txukuna eginda iritsiko da. Pedal-kolpe ona lortu zuen Giroan -bosgarren amaitu zuen-, eta ikusi egin beharko da azken asteari eusteko gai izango den edo ez. Iaz ere taldeburu gisa joan zen, baina Rasmussenen itzalean geratu zen. Oreka eta erregulartasuna falta zaizkio, baina bete-betean iritsiko da.
Alejandro Valverde
Caisse d'Epargne, 28 urte
Dauphine Libere eta Espainiako txapelketa irabazi berritan ekingo dio Tourrari. Konfiantza handia dauka, ahala ere bai, erritmo aldaketa biziekin segundo ederrak irabazten iaioa da, baina azken astean eduki dezake gurutze-bidea, Alpeetan. Mendate luzeetan herren egiten du tarteka, eta hor gal dezake Tourra. Eusten asmatzen badu, podiumetik gertu egon beharko luke.
Damiano Cunego
Lampre, 26 urte
Ibilbidea aurkeztu zuten egunetik ez dauka besterik buruan: Tourra eta podiuma. Uko egin zion Giroan parte hartzeari, eta 2004an Giroan erakutsitakoa berretsi nahi du aurten Tourrean. Gorabehera asko izan du azken urteotan, baina ibilbidea aproposa da beretzat. Podiumean sartzeko konfiantzarekin dago, eta mendateetan berak hauts dezake lasterketa.
Andy Schleck
CSC, 23 urte
Txirrindulari handia izango da, 2007ko Italiako Giroan hala erakutsi zuen, baina lehertzea falta zaio. Frank Schleck anaia eta Carlos Sastre faboritoetako bi izango ditu taldean, baina, presiorik gabe, ezustekoa eman dezake. Mendateetan onenen pare ibiltzen da, eta erlojupekoetan zailtzea falta bazaio ere, ez da herrena. Ezkutuan hasi eta harrotzeko arriskua egongo da.