Ikusgarrietan ikusgarriena

De Pedrok Meridan eta Seedorfek Atleticori Bernabeun sartutako golak soilik jar daitezke Iñigo Martinezen derbiko golaren ondoan. 50 metro inguruko jaurtiketak dira hirurak.

Donostia
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Iñigo Martinezen derbiko gol harrigarria era guztietako adjektiboz jantzi da azken egunetan. Beharbada, Xabi Alonsok deskribatu zuen ongien: «Anoetako inoizko golik ikusgarriena. Ezin daiteke baloia hobeto jo». Ez direlako egunero ikusten zelai erdiko arrastoaren atzetik atezaina buruz gain pasatzen duten jaurtiketak. Gutxiago zuzenean sare barrura doazenak, xabalina jaurtiketa izan baitzen ondarroarrarena, indartsua eta zehatza. Amarako estadioan lehen ere gol eder askoak ikusi dira. Hona hemen bilduma txikia.

Dani Estrada (2011-2012) Reala 1-Granada 0

Ez dago urrutira joan beharrik aurreneko harribitxia aurkitzeko. Zarauztarrarena sekulako gola da, txiripaz izan edo ez. Oinaren kanpoaldearekin jo zuen baloia, eskuin saihetsetik, izkinatik gertu, eta baloiak kanpotik barrurako bidea hartu zuen. Erdiraketa-jaurtiketa bihurritu egin zen, eta Roberto atezainaren atzerapausoa ezerezean utzi. Langa laztandu, eta barrura.

Xabi Castillo (2008-2009) Reala 1-Huesca 0

Durangoko atzelariak elastiko txuri-urdinarekin sartu zuen gol bakarra ez ahazteko modukoa izan zen. Lilloren jokalariak igotzeko postuetan sartzeko ahaleginetan ari ziren, eta neurketa itxia erabakitzeko balio izan zuen golak. Geldikako jokaldia urrundu zuen Huescako jokalari batek, eta Castilloren tximista jaurtiketak armiarma sarea desegin zuen, baloia zetorkion bezala txikituz.

Xabi Prieto (2006-2007) Reala 3-Mallorca 1

Jaitsiera madarikatuaren denboraldian, nekez topa litezke gogoratzeko moduko irudiak. Erdilari donostiarrak Mallorcaren aurka egindako jokaldi zorabiagarri bat da horietako bat. Txapel bikoitz batekin kendu zuen atzelaria gainetik, eta arean sartu zen; izkin egin berriro, eta ezkerrez jaurti zuen, goxo-goxo, eta baloia zutoin ondotik sartu zuen. Jenioen kontua.

Xabi Alonso (2002-2003) Reala 4-Real Madril 2

Sasoi magiko hartako neurketarik ikusgarrienetakoa izan zen, ziurrenik. Hasiera ikaragarria izan zen, eta 3-0 aurreratu ziren etxekoak. Ondoren, Ronaldok murriztu zuen aldea, baina handik minutu gutxira tolosarrak lurperatu zituen zurien itxaropenak. Areako zirkulu erditik atzeraxeago baloia kontrolatu, eta oinaren barrualdearekin, txoko-txokotik, ezin neurtuago bidali zuen baloia sarera. Liga irabaz zezaketela konturatu ziren egun ahaztezin hartan txuri-urdinak.

D. Kovacevic (2002-2003) Reala 3-Betis 3

Gol asko eta askotarikoak sartu zituen serbiarrak Anoetan. Real Madrilen aurkako hartan, esaterako, bi sartu zituen, bigarrena zoragarria, ezker hegalean hasitako kontraeraso azkarra lehen ukituan amaituta. De Pedro-Kovacevic bikoa, erdiraketa-errematea, ezin emankorragoa izan zen, eta hainbat artelan sortu zituzten bien artean. Horietako bat, Betisen aurkako lehia elektrikoan. Bizi-bizi mugitu zuen baloia Denouixenek, eta Realaren hirugarren gola horren adibide izan zen. Antiguatarraren goxokia ezker aldetik, eta bederatziaren burukada zorrotza. Gozatua hartu zuen egun hartan zaleak. Hasiera baino ez zen izan.

D. Khokhlov (2001-2002) Reala 3-Real Madril 0

Zuriei irabazita, Realak aurrenekoz hartu zuen arnasa lasai denboraldi hartan. Festa borobila izan zen. Kovacevicek aurreratu zituen etxekoak, penaltiz. Handik gutxira, errusiarraren kalitatea azaldu zen. Area ertzean baloia jaso, gerria mugituz Helguera atzean utzi, eta jaurti azpi-azpitik zutoin ondora. Aparta.

Tayfun Korkut (2001-2002) Reala 6-Valladolid 0

Estu eta larri zebiltzan orduan ere Toshackenak, beheko putzutik ezin aterata. Urteko azken neurketan, ordea, txikitu egin zuten Valladolid. Xabi Alonso, Khokhlov, De Paula, Luiz Alberto eta Tayfun izan ziren golegileak. Turkiarrak bi sartu zituen, bigarrena txapela kentzeko modukoa. Eskuin hegaletik zeraman baloia, areako erpinetik gertu, eta bitan pentsatu gabe jaurti zuen. Zutoinak eta langak bat egiten duten puntu horretan jo, eta sarera. Kovacevic, Nihat eta Westerveld —partida horretan debutatu zuen— iritsi ziren neguko azokan taldea indartzeko.

I. Gabilondo (2000-2001) Reala 3-Valladolid 1

Añorgakoa ez da golegile peto-petoa, baina esan liteke sartzen dituen gol gehienak ikusgarriak direla. Arratsalde hartan bi sartu zituen: bata, ahoko zuloan baloia bultzatuz; bestea, berriz, areaz kanpotik, 30-35 metrotik jaurtiketa eginda. Ezkerkada indartsua izan zen, goitik beherakoa, eta Bizarri argentinarra gainditu zuen.

G. Craioveanu (1997-1998) Reala 5-Compostela 1

Errumaniarrak behin baino gehiagotan erakutsi zuen distantzia ertain eta luzeko jaurtitzaile aparta zela. Athletici sartu zion behin sekulako gola areaz kanpotik, bina amaitu zen derbi batean. Are eta ederragoa izan zen, ordea, Compostelari sartu ziona. Mutiu nigeriarrak baloia haren oinetan utzi, eta hark, bitan pentsatu gabe, bortizki jo zuen 30 metrotik. Kanpotik barrurako efektua hartu zuen baloiak.

O. De Paula (1995-1996) Reala 1-Atletico Madril 0

Radomir Anticen aginduetara Liga eta Kopa irabazi zituzten Kiko, Pantic, Caminero eta enparauek. Sailkapenaren buruan iritsi zen Anoetara, zalantzaz beteriko Realaren kontra jokatzera. Salva Iriartek ekin zion sasoiari aulkian, Jabo Iruretari lekukoa hartuta. De Paulak hozka egin zien madrildarrei, areaz gaindi. Ezkerrez, oinaren barrualdearekin, goxo-goxo bidali zuen baloia atearen angelura. Badajoz talde apaletik etorri berritan, sei gol sartu zituen lehen denboraldian.

Javi de Pedro (1994-1995) Reala 5-Athletic 0

Talentua soberan zuen antiguatarrak, bai azken pasea emateko garaian, bai jokaldiak bukatzeko garaian ere. Anoetak ikusi duen ezkerrik finena izango da, ziurrenik. Arratsalde ahaztezin hartako bigarren gola sartu zuen, eta Kodroren hat-trick-ari itzal egin. Zuri-gorrien atzelarietako batek ez zuen behar bezala urrundu baloi luzea, eta area inguruan utzi zuen. De Pedrok atzeman zuen, bote-lasterrean. Baloiaren hotsa entzutea nahikoa izan zen zuzenean barrura zihoala ohartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.