Ez dabil. Reala ez doa. Dago. Zihoan. Joango al da? Horra zortzi partidetako laburpena. Horra hainbeste minutuk eman dutena. Hainbeste joan eta gelditu zitekeenik ere hain tarte txikian... Orduan bateren batek halakorik esan izan balu, pentsaezina egingo zen. Baina horixe da errealitatea. Jokatzeko ereduaz ere antzeko azalpena eman daiteke. Estilo batekin ekin zion, eta orain, egun batetik bestera, joan egin da estilo hura. Erabat joan ere. Eta beste baten bila dabilela ematen du. Zergatik aldaketa hori? Illarramendi gidaria min hartuta dagoelako? Edo emaitza txarren boladak eraginda? Galdera gehiegi dauzkat Realaren inguruan, eta erantzunik ezak geldituta nauka. Ez aurrera, ez atzera. Geldituta dago. Baina bukaera zein izan daitekeen gero eta argiago ari naiz ikusten. Eta halaxe kontatuko dut.
Saltzailea eta eroslea. Philippe Montanier fitxatu zutenean, alderaketak egin zituzten Realeko kirol arduradunek eta hedabide bateko kazetariek. Norekin eta Pep Guardiolarekin. Bartzelonaren jokatzeko ereduaren maitalea omen. Komeni zitzaien produktua saltzea. Konparazio baterako, denok uler gaitezen: Marcelo Bielsa ez dago saldu beharrik; Montanier, aldiz, bai. 4-3-3 marrazkia, jokalarien etengabeko mugimenduak, pase motzetan oinarrituriko eredua, eta beste hainbat ezaugarri. Irakurleek miresmen keinuak egin zituzten: oh là-là! Hasi ziren ikusten ditxosozko tiki-taka Anoetako soropilean. Oh là-là! Eta oraintxe esnatu dira amets hartatik. Norbaitek ziria sartu diela pentsatzen hasita omen daude. Baina, kontuz! Horrekin ez dut esan nahi Montanier entrenatzaile balekoa ez denik. Esan nahi dut alderaketa haiek kalte baino ez diotela egin. Berari, eta kontu haiek denak sinetsi zituzten zaleei. Eta jakina, orain, emaitza txarren errudun bakarra Montanier da. Konparatu izan balute Guardiola ez den beste batekin...
Zalantzekin. Bretainiako entrenatzaileari gustura egingo nioke hurrengo galdera: zergatik baztertu duzu lehen jardunaldietako jokatzeko eredua? Haren gustukoena izanik, eta emaitzak ere balekoak lorturik, normalena litzateke ereduari eustea. Alegia, orain arte erabili duen taktika eraginkorrari eustea. Baina taldeak ez du hasierakoa ematen. Aldaketa horretako bidean zer gertatuko den jakingo nuke gustura. Norbaitek aholku eman badio, nor da norbait hori? Jokalariek eta entrenatzaileek asko hitz egin dute taldeetan lehengo aldean. Ez dira ohikoak jarrera autoritarioak orain aldageletan. Aldaketa horren arrazoiaren oinarrian dagoenaz, beste iritzi bat ere badabil bolo-bolo: Montanier konturatu egin da ez dituela jokalari egokiak bere gustuko estiloa lantzeko. Ez dut uste hala izan denik. Hain zuzen ere, nahiko denbora izan duelako horretaz jabetzeko. Kontua da zalantzati dagoela entrenatzailea. Hala ematen du, behintzat. Eta zalantza horiek talde barrura iritsi direla dirudi. Beste zerbaitetan pentsatzen hastea gaizki pentsatzea litzateke.
Egoera ezaguna. Egun Realean dagoen giro orekarik gabea, tentsioaren aurrekoa, ez da berria. Ez da batere ezezaguna. Azken denboraldietan asko ikasi ahal izan dute zale txuri-urdinek halakoen inguruan. Horregatik, bat baino gehiago susmatzen hasita dago zein amaiera izango duen istorio honek. Lehengo antzekoen bera baldin badu, berandu baino lehen, prentsaurrekoa eman beharko du Jokin Aperribai presidenteak. Iragartzeko nola hau, eta nola bestea, eta zergatik hura, eta... bata dela, bestea dela... Montanierren lekuan beste entrenatzaile bat jarri dutela. Azalpenak emateko prentsaurrekoa. Nik, behintzat, horren tankera hartzen diot oraingo egoerari. Zer esango dute orduan alderaketa zoragarrien sortzaile horiek? Zer salduko diote erosleari? Gertatzeko itxura duena gertatzen bada, betikoa gauzatuko da. Realean eta beste talde guztietan. Errudun bakarra entrenatzailea. Su guztiak bizitzeko egurra entrenatzailea. Montanierrek «eskerrik asko» esanez agurtzen ditu kazetariak prentsaurrekoetan, euskaraz. «Ikusi arte» esanak zer esan nahi duen irakatsiko nioke nik beste ezer baino lehen.
Aulkitik begira
«Ikusi arte»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu