Ikuskizuna... ekaitza lehertu arte

Goizeko saioan ihes eginda, Efimkin jarri da lider; erlojupekoa bertan behera utzi dute, ekaitzarengatik

unai zubeldia
2007ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Noizbehinka gertatzen dira horrelakoak. Noizbehinka haserretzen da natura, eta barru-barruan daukan amorru guztia ateratzen du. Dena batera. Neurririk gabe. Eta komeriak izaten dira orduan. Gauzarik handiena ere txikitzen du naturaren haserreak. Antolatzaileen lanik onena ere bai. Euskal Bizikletaren antolatzaileek bost eguneko ohiko ibilbidea ahaztu eta hiru eguneko proba antolatu behar izan dute aurten. Halabeharrez. Pro Tour Ligaren ajeak jota. Hasieran haserretu ziren antolatzaileak, penatu ziren. Amorrua pilatu zitzaien ondoren, baina, ikuskizunaren izenean, amore eman eta hiru eguneko ibilbide txukuna prestatu zuten. Gorabeheratsua. Ederra.

Gaurko etaparen zain, atzo arratsaldeko erlojupekoak erabakigarria zirudien. Itxura batean, bai, behintzat. Ederra zihoan itzulia, ezustekoz betea. Lehen etapan, Tolosan, Saunierren erakustaldiarekin, laukote batek uste baino alde handiagoa lortu zuen. 39 segundo. Hiru etapako itzulian, ustez, alde erabakigarria. Euskal Bizikletako lehen ezustekoa izan zen hori.

Hausnartu, indarberritu eta, atzo arratsaldeko erlojupekoaren zain, indarrak gordetzeko etapa zen goizekoa. Ustez. Baina hiru eguneko itzuliek xarma berezia daukate. Etapak urduriak, biziak izaten dira. Horren jakitun, Adrian Palomaresek (Fuerteventura) eta Vladimir Efimkinek (Caisse D'Epargne) erasoa jo eta alde polita lortu zuten Azpeitiko tarteko helmuga igarotzearekin batera. Berezko gaitasunagatik, eta itzuli txikietan ezustekorik txikiena ere oso garrantzitsua izaten delako. Erasoa jotzea eta Saunier Duvaleko hiru txirrindulari erortzea, biak bat izan ziren -tartean zen Alberto Fernandez liderra-.

Erorketa horrek erabat baldintzatu zuen goizeko saioa. Kanpazar igotzen hasita, Efimkinek atzean utzi zuen Palomares, eta, itsu-itsuan, etapa garaipenaren bila joan zen. 10 kilometroren faltan Saunier Duvalek, indarberrituta, oso erritmo bizia jarri zuen tropelaren buruan; minutua jan zioten errusiarrari. Baina ez zen nahikoa izan. 52 segundo. Etapa eta lidergoa. Bigarren ezusteko handia.

Eta Abadiñoko arratsaldeko erlojupekoa falta. Sargori zegoen Abadiñon, giro ustela zegoen, eta lehertzeko arriskua bazegoen. Baina inor gutxik espero zuen arratsaldeko bostak pasatxoan iluntzen hasi zuen moduan ilunduko zuela. Haizete handia, euri zaparradak, tximistak, trumoiak, zuhaitz adarrak, kartelak eta kamerak lurrean... Uda-udako ekaitza lehertu zen Abadiñon, eta akabo ikuskizuna.



RICARDO URANEK DENBORARIK ONENA. Txirrindulari gehientsuenek amaituta zeukaten ordurako ibilbidea. Baina indartsuenak falta ziren oraindik. Hogei bat txirrindulari. Ekaitza lehertu zenean ibilbidea egiten ari zirenek soilik dakite erortzeko edo min hartzeko arriskua zenbatekoa zen. Patxi Vila zen horietako bat, eta berak argi adierazi zuen: «Erabakia zuzena izan da, erortzeko arriskua zegoen». Antolatzaileek bertan behera utzi zituzten erlojupekoa eta ordura arteko denborak. Ricardo Uran kolonbiar gazteak jaso zuen kolperik handiena, berea baitzen helmugako denborarik onena. 20 urte besterik ez dauka, eta sona handiko garaipena izango zen atzokoa beretzat. Saria eman zioten Urani, baina sari garratza izan zen aukeran.

Gaur amaituko da itzulia; ohi bezala, Arraten. Berez bizia izaten da azken etapa hori, erabakigarria, eta gaur Saunier Duvalek etapa lehertu beharra dauka. Atzo goizeko ezustekoarekin, Efimkin errusiarra sartu zaie tartean, baina De la Fuente-Marchante-Fernandez hirukoarekin 31 eskutik dira Saunierrekoak. Sevillak herenegun erakutsi zuen pedal kolpe sendoarekin dagoela, eta, ezustekorik izan ezean, Marchanterekin batera, garaipenerako lehian izango da. Ezustekorik izan ezean.



SaILKaPenaK
BIGARREN ETAPA (LEHEN SAIOA)

1. V. Efimkin (Caisse D'Epargne) 2.11.48

2. M. Zanotti (Unibet.com) 52ra

3. G. Palumbo (Acqua&Sapone) d. b.

4. P. Bossoni (Lampre) d. b.

5. B. Albizuri (Eusk.-Euskadi) d. b.

6. C. Zaballa (Caisse D'Epargne) d. b.

7. M. Gaztañaga (Agritubel) d. b.

8. D. Cataldo (Liquigas) d. b.

9. A. Efimkim (Barloworld) d. b.

10. X. Otxotorena (Orbea) d. b.



SAILKAPEN NAGUSIA

1. V. Efimkin (Caisse D'Epargne) 6.33.56

2. A. F. de la Puebla (Saunier) 2ra

3. Oscar Sevilla (Relax-Gam) 8ra

4. Eladio Jimenez (Karpin Galizia) d.b.

5. J. A. G. Marchante (Saunier Duval) d.b.

6. D. de la Fuente (Saunier Duval) 36ra

7. G. Palumbo (Acqua&Sapone) 41era

8. P. Bossoni (Lampre)d. b.

9. A. Efimkin (Barloworld) d. b.

10. C. Zaballa (Caisse D'Epargne) d. b.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.