Ikuskizuna lepo, saskibaloia urri

Orlandon ospatuko da All Star festa; Dwight Howardek bereganatu du arreta, jokalari truke batean sar bailiteke

Dwight Howard, Superman-en mozorroa jantzita, saskia txikitzear, 2008an New Orleasen jokatutako All Star asteburuan. J. D. GARRABRANT / NBAE.
Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Salmenta premia dago. NBAn ere bai. Uste baino dezente gehiago luzatu zen lock-out-a, eta kaltetu samar geratu munduko saskibaloi ligarik distiratsuena. Gauero, partida kopuru handia jokatu da, eta horrek kalte egin dio ikuskizunari, nabarmen; eta Davis Stern NBAko buruak eta bere laguntzaileek apustu handia egin dute NBA lozorrotik ateratzeko. Jendea hara joan dadila eskatzeko, Orlandoko negu epelaren abantailak baliatu dituzte; gainera, kantxa barruan eta kanpoan saldu dute ikuskizuna. Izan ere, All Star edo Izarren Partidak asko du ikuskizunetik, baina gutxi saskibaloitik. Dolarrak eta dolarrak biltzea da lehentasun bakarra, munduko saskibaloi jokalaririk onenak amu gisa erabilita.

Marketin alorrean, inork ez dio erakutsiko NBAri nola lan egin. Hainbat formula erabili izan dituzte, eta, aurten ere, arrakastatsuak izateko itxura dute. Bart goizalderako, norgehiagoka bat antolatu dute Charles Barkley eta Shaquille O'Neal jokalari mitikoek eratutako selekzioen artean. Bi jokalari ohiak mokoka ibiltzen dira telebista saioetan, eta, kantxan bezala, aulkian ere zer ikusi franko egongo da. Rising stars izena jarri diote partidari (hazten ari diren izarrak), eta izar izateko bidean daudenak (Kyrie Irving, Ricky Rubio, Jeremy Lin, Blake Griffin eta abar) izar direnekin eta bigarren urtea osatzen ari direnekin elkartu dituzte (Blake Griffin, DeMarcus Cousins, Evan Turner, John Wall eta abar). Alley hoop-ak, kontraeraso azkarrak, txapelak eta beste ikusi nahi dituenarentzat aproposa oso, baina, saskibaloi joko pausatua maite duenarentzat, hutsala.

Ziur asko, txikitzeen eta hirukoen lehiaketek sortuko dute arretarik txikiena (igande goizaldea, 02:00), bi lehiaketa horietan parte hartuko duten jokalariak nahiko ezezagunak direlako. 1990eko hamarkadan eta joan den hamar urtekoan, NBAko izarrek parte hartu izan zuten lehiaketa horietan, eta txapela lortu zutenek lore asko jaso zituzten: Michael Jordanek, Dwight Howardek eta Blake Griffinek, txikitzeetan; Paul Piercek, Dirk Nowitzkik eta Ray Allenek, hirukoetan.

Txikitzeetan, honako hauek aurkeztu dira: Iman Shumpert joko antolatzailea (New York Knicks) eta hiru hegaleko: Paul George (Indiana), Chase Budinger (Houston) eta Derrick Williams (Minnessota). Williams eta George dira faboritoak, aldez aurretik. Twitter sare sozialaren bitartez jasotako botoekin erabakiko dute txapelduna zein den.

Hirukoetan, azken orduko aldaketa bat izan da. Atlantako Joe Johnsonek min hartu du, eta Kevin Durantek hartuko du haren lekua. NBAko jokalaririk onenetakoa da Durant, eta lehiakide guztiak atsekabetu egin dira Duranten aurka ariko direla jakin dutenean: Mario Chalmers (Miami), Anthony Morrow (New Jersey), Kevin Love (Minnessota), Ryan Anderson (Orlando) eta James Jones (Miami).

Howarden arrastoan

Izarren partidak itxiko du Orlandoko asteburua (astelehen goizaldea, 02:00), Walt Disneyren etxea, eta, gauzak ondo bidean, Dwight Howardek irabaz dezake MVP, jokalari onenaren saria. Izan ere, etxean jokatuko du, eta Orlandoko zaleak agurtzeko aukera ezin hobea izan liteke. Jokalari aldaketen inguruko zurrumurru guztien jomuga da Howard, eta aldaketak egiteko epea martxoaren 15a da. Hiru aste eskas, gaur hasita; eta taldeetako ugazaben arteko solasaldi beroak espero dira, merkatua balitz bezala. Howardekin batera, Clipperseko Griffin eta Chris Paul bikoteak ere jaso dezake saria, Oklahomako Russell Westbrookekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.